Asteartean berriz protestatu zuten Bizi!-ko kideek Société Générale bankuaren Baionako bulegoan, Alpha Coal proiektuan aurka.
Mugimenduko zenbait kidek “ingurumenaren erailketa gune” izendatu zuten banketxearen egoitza, eta sarrera blokeatu zuten lelo hori zeraman zintarekin inguratu eta kartel bat zintzilikatuz.
Egun berean, Frantziako banketxeko kideek Parisen biltzar orokorra zutela baliatu zuten protesta egiteko.
Hirugarren protesta ekintza da asteartekoa. Joan den astean hiru kanguru 1,8 mila milioi tona CO2 atmosferara isuriko dituen proiektuaren aurka mintzatu ziren Baionako bankuko sarreran eta mugimenduko 30 militante inguruk banketxearen egoitza okupatu zuten sei orduz.
Banketxeak ikatza ustiatzeko proiektu australiarrari finantzazioa ukatu ezean, Baionako egoitzan 1,8 tona ikatz botako dituela iragarri zuen Bizi! mugimenduak. Crowdfunding bidez horretarako beharrezko duten dirua lortu dute jada, 3.800 euro biltzea zen helburua eta asteazkenean 4.400era iritsi dira.