Sexu berdintasunaz hausnartzeko tresna honek batez ere 14 urtetik gorako gazteen jarreretan eragitea du helburu. Elhuyar eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ostegunean aurkeztu dute eta lizentzia libreari esker guztion eskura dago Interneten.
Bizentaren Lumak eztabaida-jokoa da, gazteek berdintasunaz gogoeta egin dezaten. Errealitateaz jabetu eta berdintasunaren aldeko jarrerak kolektiboki sustatzea du helburu. Batez ere 14 urtetik gorako gazteei dago zuzendua eta lizentzia librekoa izanik, internetetik eskura ditzake edonork erabiltzeko beharrezko diren arau eta euskarriak. Material honen egile diren Elhuyar eta Gipuzkoako Foru Aldundiak oso egokitzat du esparru hauetan erabiltzeko: berdintasunaren aldeko elkarteetan, aisialdi taldeetan, hezkuntza formalean eta gizarte eta kultur elkarteetan.
Dinamikaren ezaugarriak
90 minututik gorako iraupena izan ohi du eta dinamikaren helburua, amaieran kideek osatu eta adostutako ondorioak ateratzea da. Bidean, hainbat informazio irakurriko dute eta bakoitzak bere istorioa osatu, eztabaida gai bat hautatu eta solasaldian guztion artean istorio bat osatu, eta istorio hori aurkezteko modua landu.
Jolasaren ostean, bakoitzak bere ingurunean eragiteko konpromiso pertsonal eta kolektiboak idazteko gonbidapena egiten du dinamikak. Eta eztabaidako ideia nagusiak biltzen dituen mahai-tapiza Internetera igotzeko aukera emango du horretarako propio prestatuko den webguneak, beste eztabaiden berri jaso ahal izan dezagun.
Bizentaren Lumak Europako Komisioak sortutako Play&Decide eztabaida-jokoa du oinarri, eta beronen bidez iritzi ezberdineko pertsonen arteko hausnarketak, arrazoiketak eta ondorioak elikatzea sustatzen da.
Bizenta Mogel abiapuntu
Ilustrazio garaian (1782an Azkoitian jaioa) eman zuen argitara Ipuin onak liburua euskarazko lehen emakumezko idazleak. Gaizki ikusien gainetik egin ere, liburu horren sarreran bertan salatzen duenez: "Badakit, enzunaz beste gabe, neskatx gazte baten izena dagoala itxatsirik liburutxo onen aurkean, jardungo dutela siñuka ez gutik, diotela beren artean, iñoren lumaz janzinai duela bela-txikiak; au da, besteren bearrakartu nai ditudala neretzat: ez dagokiola neskatxa bati bururik eusitzea liburugiñen: asko duela gorua, naiz jostorratza zuzen erabiltzea". Iñoren edo norberaren "luma" horiek dira Bizentaren Luma dinamikak aireratu nahi dituenak.