argia.eus
INPRIMATU
Bitan galdetu gabe, ustezko 60 narkotrafikatzaile baino gehiago hil dituzte AEBek Ozeano Barean
  • Azken bi hilabetetan, ustez narkotrafikoan zebiltzan hamabost ontzi hondoratu dituzte militar estatubatuarrek, eta 61 pertsona hil, gutxienez. Beraien itsas-eremutik kanpo jardun dute. Ziurtzat jo dute "gaizkileak" zirela, atxilotu eta epaitu gabe. AEBen Defentsa Ministerioa ari da propaganda egiten.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko urriaren 30
Gisa horretako irudiak eta bideoak zabaltzen dituzte AEBek ustezko narkotrafikatzaileak hondoratu dituztela adierazteko.

Karibeko uretan, Ozeano Barean, nahi bezala ari dira jarduten militar estatubatuarrak, paternalismo osoz. Agindu judizialik eta probarik aurkeztu gabe, ustezko narkotrafikatzaileak atxilo hartu, ikertu eta epailearen aurretik pasatu gabe, dagoeneko hamabost ontzi misilez kolpatu eta hondoratu ditu AEBen aireko armadak. Gutxienez 61 pertsona erail dituzte azken bi hilabeteetan. Haiek dira ontzien hondoratze irudiak zabaltzen ari direnak. 

"Gerra" moduan planteatu dute AEBek ustezko narkotrafikoaren aurkako jarduna. Gerra idazkari Pete Hegsethen esanetan, "narkoterroristen ontzi hondoratu batek 25.000 estatubatuarren bizitza salbatzen ditu", eta horregatik ari omen dira horretan. Bere esanetan, Karibeko urak "dagoeneko ez dira narkoterroristen espazio segurua". Konpromiso "irmoa" agertu du, Gerra Departamentuaren izenean, "narkotrafikatzaileak aurkitzen eta akabatzen jarraitzeko", baita "dauden tokian daudela" ere. Berriki, dozenaka hegazkin militar eta gerraontzi garraiatzeko gai den itsasontzi handi bat bidali dute AEBek Karibeko uretara. 

Venezuelari presio

Karibeko uretan, Venezuelatik hurbil ari dira AEBak jardun militarrak egiten. Ez alferrik. Donald Trumpek dio venezuelarrak direla hein handi batean AEBetara droga sartzen dutenak, eta Nicolas Maduroren gobernuak badakiela hori, baina baimendu egiten duela, "propio". Maduro ez da probokazioetan erori, momentuz. Esan du Trumpen "asmo ezkutua" dela Venezuelako petrolioa lapurtzea, baina Venezuela ez dela sekula "inongo inperioren aurrean makurtuko". 

Kolonbiako presidente Gustavo Petrok altxatu du ahotsa azken hilabetean. Fiskaltzari "premiaz" esku hartzeko eskatu dio, litekeena delako duela bi aste AEBek hondoratutako ontzi bat kolonbiarra izatea, Kolonbiako uretan hondoratua egitea, eta narkotrafikatzailea beharrean, "arrantzale kolonbiar arrunt bat" izatea eraildakoa. Horrez gain, Maduroren bidetik hitz egin du Petrok, eta "AEBen inbasioa" salatu.