argia.eus
INPRIMATU
Murrizketak Ermuan eta Bergaran aktibatu eta Ordizian indargabetuko ditu Osasun Sailak
  • Ostegun gauerdian jarriko dira indarrean COVID-19aren agerraldiei loturiko neurri berriak. Horrenbestez, Eibarren, Tolosan, Zarautzen, Ermuan eta Bergaran egongo dira murrizketak.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 23a
Nekane Murga Osasun sailburua. Argazkia: irekia.eus

Bost herri horietako ostalaritza establezimenduek –elkarte gastronomikoak barne– gehienezko edukiera murriztu beharko dute %50era, barran kontsumitzea debekatua izango dute, eta beranduenez gaueko 23:30tan itxi beharko dute. Horrez gain, debekatua dago herri horietan “jairik, berbenarik eta herri-ekitaldirik” antolatzea. “Neurri horiek behin-behinekoak dira, eta haien helburua da kutsadura gehiago ez egotea, azken egunotan udalerri horietan kasu gehiago detektatu direla aintzat hartuta”, adierazi dute Osasun Sailetik. Tolosan, Eibarren eta Zarautzen indarrean zegoen jada neurria, eta ostiraletik aurrera Ermua eta Bergaran ere.

Aldiz, Ordizian murrizketak bertan behera uztea erabaki du Osasun Sailak, osasun egoerak hobera egin duela argudiatuta: “Egoera epidemiologikoak hobera egin duela aintzat hartuta, murrizketa-neurriak dagoeneko ez dira aplikagarriak izango udalerri horretan”.