argia.eus
INPRIMATU
Birusak aurrea hartu digu

Xabier Karril @xabikarril 2020ko otsailaren 12a

Asteak dira Ekialdeko Asiatik birus oso kutsakor eta hilgarri baten lehen berriak iritsi zitzaizkigunetik. Asteak egun eta gau komunikabideetan nazioarteko osasun alarma baten lekuko izaten hasi ginenetik. Gaitz honek dagoeneko 1.000 hildako eragin ditu Txinan, eta bertatik kanpo ere bi dira gaixotasunaren ondorioz zendu direnak. Mundu osoan zehar hamarnaka herrialdetan konfirmatu dituzte birusaren kutsatzeak, eta badirudi azken urteotan, Ebolarekin batera, gizadiak jasan duen osasun hondamendi larrienaren aurrean gaudela.

"Koronabirus deituriko honek burua beste alde batera birarazi digu, gure etxe eta kaleetan labankadaz, urkamenduz edota tirokatuz erailak izan diren emakumeak ahaztuz"

Inork ez du egoeraren larritasuna zalantzan jartzen, zenbakiak hor baitaude eta ukaezina baita gaitzaren kutsadura. Hala ere, ez genituzke gure begiak gertakari hauetarantz soilik zuzendu beharko. Gertuago suertatzen zaizkigun, eta birusa bezain hilgarriak eta larriak diren egoerak baitauzkagu gure herrietan. 2020. urte honi hasiera eman genionetik, hamaika –zehazki– dira beren lanpostuetan bizitza galdu duten langileak; azkena otsailaren 4an, Santurtzin, hirurogei urte zituen gizon bat, maneiatzen zebilen garabia erori zitzaion, eta unean bertan hil zen. Lan “istripuek” orain arte utzi duten odoljarioak ez dirudi etenik izango duenik, baldin eta gauzak aldatzen ez badira. Hainbat sindikatuk eta eragilek ezbehar hauen erantzule nagusia prekarietatea dela salatu arren, ez dirudi inork ezer egingo duenik, zoritxarrez, egunerokoa bilakatu den honi behin betiko amaiera emateko.

Ez genituzke ahaztu beharko, bestalde, genero indarkeriak, hilabete eta erdi honetan, Estatuan erail dituen hamar emakumeak. Koronabirus deituriko honek burua beste alde batera birarazi digu, gure etxe eta kaleetan labankadaz, urkamenduz edota tirokatuz erailak izan diren emakumeak ahaztuz. Azken bosturtekoan gora egin du genero indarkeria pairatu duten emakumeen kasuen kopuruak, eta ez da harritzekoa egungo hezkuntza sistema kontuan hartuta. Irakaskuntza feminista ardatz izan beharrean, Opus Dei eta antzeko hezkuntza guneak finantzatzen dituen Eusko Jaurlaritza dugu “buru”. Dena dela, ohiko komunikabideek gai honi jaramon handirik egin ez, eta Xi Jinpingek, Txinako presidenteak, Pekineko kaleetan maskara zuria zeramala erakusten duten irudiak aurkeztuko dizkigute beren lerroburuetan.

Guzti honek agerian uzten du gizarte hau zein modu errazean manipula daitekeen batzuei komeni zaienaren inguruan soilik mintza gaitezen, eta gertu ditugun gaitzak aintzat har ez ditzagun. Berriz ere diot, Koronabirusak berrietako ataletan agertzen jarraitu beharko lukeela, baina honen presentzia neurrigabea kontrolatzea litzateke egokiena, honek hura bezain zoritxarrekoak eta larriak diren egoerei ez diezaien itzalik egin, eta jendea milaka kilometrotara gertatzen denaren berri izateaz gain, inguratzen dituen gertakarien berri ere izan dadin. Hori guztiaz baliatuz bakarrik lor baitaiteke norbanakoak bere pentsaera kritikoa garatzea, eta bizi baldintza hobeagoetara bideratuko duten aldarriz inguratzea. Azken hitzak baliatu nahiko nituzke langileen eta emakumeen aurkako sarraskia gelditzeko aldarria eta oihua botatzeko.

Ez gaitzatela isilarazi. Kaleak betetzen jarrai ditzagun.

Unibertsitateko ikaslea