Ekainaren 6, 7 eta 8an Ficoba produktu eta zerbitzu ekologikoz beteko dute, “jasangarritasunarekiko konpromisoa” dutela ziurtatu duten 117 enpresak. Azokaz gain, egitarau oparoa prestatu dute, eta hainbat tailer eta hitzaldi egongo dira, baita bizikleten bigarren eskuko merkatua ere.
22. aldiz antolatu dute Bioterra azoka, “bizimodu ekologikoagoa” bultzatzeko topagunea. Irungo Ficoban 117 parte hartzaileren produktu eta zerbitzuak eskuratzeko aukera egongo da, ostiraletik igandera –10:00etatik 20:00etara; igandean, 10:00etatik 19:00etara–. Antolatzaileek berretsi dute erakusmahaietan egongo diren enpresek adituen “hautaketa-irizpide zorrotzak” pasatu dituztela: “Greenwashing edo ‘eko-iruzurra’ salatzeko eta benetan ondo egiten duten horiei ikusgarritasuna emateko konpromisoa du Bioterrak”.
Iragarri dutenez, aurten oliba olio ekologikoa izango da protagonista, baina bestelakoak ere egongo dira: elikadura organikoa, energia berriztagarriak, kosmetika naturala, moda jasangarria, bioeraikuntza eta kontsumo arduratsua.
Azokaren bultzatzaileek gogorarazi dute Bioterra ez dela “azoka hutsa”: “Topagunea, ikasteko espazioa eta inspirazio-iturria da, munduan bizitzeko modu bat eraldatu nahi duten guztientzat”. Horren erakusle da astebururako prestatu duten egitarau zabala, hitzaldi, tailer, eta ibilbide gidatuak dituena, teorikoak zein praktikoak. Esaterako, “Zure eguzki-instalazioa diseinatu” jardueran Tristán Urtizberea adituak erakutsiko du nola diseinatu eguzki-sistema bat pausoz pauso. Egitarau osoa kontsultatu daiteke www.bioterra.ficoba.org web orrialdean.
Ficobako eskaintzaren artean bigarren eskuko merkatua ere izango da, bizikletena, hain zuzen, “berrerabilera sustatzeko” helburuz: “Iazko edizioan izandako harrera ona ikusita, Merka2dasoa berriz izango da Bioterran, Txingudiko Zerbitzuak-en eskutik”.
Bestalde, Klima Azoka ibiltaria ere jasoko du, hainbat karpaz osatutako ibilbide interaktiboa duena: “Dinamika eta jolasen bidez, parte-hartzaileek hausnartu ahal izango dute ingurumen-inpaktuaren eta jasangarritasunaren aldeko konpromisoen inguruan”, argitu dute.
Bioterrako eskaintza guztiaz gozatzera animatu dituzte herritarrak, eta gogorarazi dute informazio guztia webgunean topatu daitekeela. Bertaratzeko garraio publikoa erabiltzera dei egin dute, Ficobak Euskotren geltokia baitu (Ficoba-Irun). Bestela, doako aparkalekua ere badagoela adierazi dute.