argia.eus
INPRIMATU
Biolurrek nekazaritza ekologikoaren beharra aldarrikatu du 30. urteurrenean
  • Biolur nekazaritza ekologikoaren aldeko elkarteak Zestoako Iraetako frontoian ospatu du urtemuga.

Ilargi Manzanares 2023ko uztailaren 10
Igandeko ospakizunean elkartu ziren lagunak. Argazkia: Biolur.

1993 urtean hasi zen Biolur nekazaritza ekologikoa bultzatzen, garai hartan zegoen ereduaren aurka. Produktibitatea bilatzen zen, eta Biolurrek eredu ekologiko berria sortu nahi zuen. 30 urte daramate nekazaritza ekologikoa sustatzen. Taldearen ibilbidea ospatzeko elkartu dira uztailaren 9an Zestoan.

Hainbat ekitaldi egin dituzte Iraetako frontoian: Bazkideei zuzendutako batzar nagusiaren ostean Amillubi proiektuaren aurkezpen eta bisita, eta bazkalostean Monsanto Kilombo taldearen eskutik kontzertua.

Lehenengo aldiz erakutsi dute modu irekian Amillubi proiektua. Balio agroekologiko handiko lur eremu handia da hau, eta ondoan 26 hektareako beste landa eremu bat du, Jaurlaritzaren esku dagoena. Lur guztiak eskuratzeko asmoa dute.

ARGIAk Biolurreko kide Mirene Begiristainekin hitz egin du: “Egun ederra” izan dela adierazi du. Batzarrean Biolurreko 70 kide inguru elkartu ziren, eta hurrengo ekitaldietan 100 pertsona baino gehiago egon zirela esan du. Hainbat talde, sindikatu eta udal elkartu dira: Arabako bionekazaritza eta Iparraldeko Biharko Lurraren elkartea (BLE) gonbidatu dituzte. Bigarrenari oroigarri bat eman diote, ezin izan delako gerturatu. Hauekin batera, Etxalde agroekologia taldea ere izan da. ENEEK-ko buru den Xabier Lejartegi egon da, ENE Gipuzkoarekin batera. Gipuzkoako Kontsumo Elkarteak ere izan dira, eta OlatuKoopeko Beñat Irasuegi. Amillubi proiektuan dauden hainbat udaletako alkateak ere presente izan dira. Udalbiltza proiektuan “oso inplikatuta” dagoela adierazi du Begiristainek. Talde hauez aparte, baserritar biolurkideak eta herritarrak ere elkartu dira.

Biolurren erronka

Biolurren helburuak dira baserritarrei beren egunerokotasuneko arazoak gainditzen laguntzea; baserritar eta herritarren arteko erlazioak eraikitzea; Proiektu duin eta burujabe izatea; ekoizpena eta kontsumoa lotu, kontsumo arduratsua bultzatzea; eta elkarlana sustatzea, Ibarretxe eta Zubikarai kideek Berrian adierazi dutenez.

Klima eta energia krisiari aurre egiteko “alternatiba” gisa ikusten dute ekoizpen ekologikoa.

Mirene Begiristainek ARGIAri adierazi dion moduan, erreleboa egitea da Biolurren erronka garrantzitsuena. Lekukoa gutxik hartu nahi dute, baina horretarako baldintza duinak sortu nahi dituzte Amillubi bezalako proiektuen bidez. “Nekazaritza lurrari lotuta da etorkizuna” lelopean, etorkizunerako bi helburu nagusi dituzte: erreleboa egiteko baldintza duinak sortzea, eta balio agroekologiko handiko lurrak babestea.