2017ko martxoaren 11n Iruñean Errepresioari Autodefentsa dinamikak deitutako manifestazioaren ostean gertatutako istiluetan parte hartzea leporatzen zaie. Maiatzaren 21 eta 23an egin zen epaiketa, eta gaur egin da publiko sententzia.
Espainiako Auzitegi Nazionalak ebatzi du istiluok ez direla “terrorismo” ekintzak, eta “desordena publiko” delituengatik bina urteko kartzela zigorrak ezarri dizkie Asier Petrirena, Ruben Iglesias eta Endika Etura errenteriarrei eta Julen Pardo beasaindarrari. Auzitegiak larrigarriak ezarri dizkie ebazpenean, manifestazio jendetsu batean eta aurpegia estalita “objektu mingarriak eta artefaktu piroteknikoak” erabiltzeagatik.
Altsasuko kasuan nola, kasu honetan ere Espainiako Auzitegi Nazionalak atzera bota du fiskaltzaren eskaria, zeinak “terrorismo delitua” leporatuta zazpi urteko kartzela zigorra eskatzen zuen auzipetu bakoitzarentzat. Epaimahaiak manifestazioan “talde jakin baten edo antolakunde terrorista baten parte hartzea” egon izana ez dela frogatu adierazi du, ezta manifestazioaren ildo ofiziala zein den. Manifestazioa “deitu zuten erakundeen eta hauek ETA antolakunde terroristarekin zeukaten loturaren” gaineko daturik ere ez dela existitzen gehitu du.
Lau gazteak istiluen egunean atxilotu zituzten, eta ia zortzi hilabete egin zituzten Iruñeko espetxean preso. Iazko azaroan behin-behineko askatasunean irten ziren espetxetik, epaiketa iritsi zain.