Hamar amona-aitonatik seik akituta bukatzen du, hainbat egunez bilobak zaindu eta gero, eta amona-aitonen %30ak dio haien bizitza pertsonalean eragiten duela biloben zaintzak. Frantziako Estatuko Hirugarren Adineko Behatokiaren datuak dira, Benjamin Muller kazetariak berriki eztabaidara ekarri dituenak. Fenomenoak izena du dagoeneko: "Amona-aitona esklaboen sindromea".
Eskola-atariak, parkeak eta pediatriako itxaron-gelak amonez (neurri txikiagoan, aitonez) beteta daude, gurasoak lanean dauden bitartean kontziliatzeko eta haurrak zaintzeko estrategia erabilienetakoa baita amona-aitonengana jotzea, joera orokortua da. Hala berretsi zuen Emakunderen azterketa batek ere, EAEko errealitatea hizpide.
Kontua da, bilobak gozamenerako eta arratsalde-pasarako izatetik, ordutako edota egunetako zaintza-lan izatera igaro direla kasu askotan, eta amona-aitona ugarik neka-neka eginda amaitzen dutela, batez ere haurren opor garaian haiek direnean bilobez arduratu behar dutenak. Hala onartu du amona eta aitona batek baino gehiagok, baina biloba zaintzeko eskatzen dietenean, gutxik esaten du ezetz (edo jartzen ditu muga eta baldintzak), batez ere familia-gatazkak saihesteko. ARGIAn kontatu genuen: abusuaren eta maitasunaren arteko muga zehaztea zaila da, are gehiago familia sareak halako garrantzia duen gizartean, non amona gehienak laguntzeko prest agertzen diren.
"Amona-aitonek ez dute jada garai bateko energiarik, eta deskantsua eta autonomia behar dituzte. Seme-alabak heztea gurasoen ardura da, ez amona-aitonek bigarren aldiz egin beharreko zerbait"
BBCn "amona-aitona esklaboen sindrome" gisa izendatu zutenaz hala mintzatu zitzaigun, beste erreportaje honetan, Maitane Maritorena amabakarra: "Amatxi esplotatuen afera ikaragarria da, eta gainera irudi du gustuz egiten duten zerbait dela, ‘haurrarekin egon nahi dute’, baina ez, obligazioz egiten dute. Nik nahi dut gure ama haurrarekin egotea disfrutatzeko, ez zaintzeko. Eta solasaldi honetara etortzeko edo beste zerbaitetarako haurra norbaitekin utzi behar dudalarik, jendeak galdetzen dit, ‘Ze, haurra amatxirekin?’, bada, ez, zergatik utzi behar dut amatxirekin?".
Zaintzaz, zaintza ereduez, lan merkatuaz, kontziliazio aukerez eta daramatzagun bizimoduez gogoetatzeko balio dezake aferak, besteak beste, baina Benjamin Mullerrek garbi adierazi du, TF1 telebista katean gaia mahaigaineratu duen honetan: “Biloben zaintza bi aldeen gozamenean oinarritu behar da, ez inposizioan. Amona-aitonek ez dute jada garai bateko energiarik, eta deskantsua eta autonomia behar dituzte. Seme-alabak heztea gurasoen ardura da, ez amona-aitonek bigarren aldiz egin beharreko zerbait”.