argia.eus
INPRIMATU
‘Billy el Niño’-k plusa kobratzen du pentsioan, frankismoko “polizia merituengatik” domina jaso zuelako
  • Frankismo garaian herritar ugari torturatzeagatik auzipetuta dagoen Jose Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niño-k pentsioan %15eko gehigarria dauka 1977an domina jaso zuelako, hala onartu Espainiako Barne Ministerioak.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2018ko maiatzaren 10
Frankismo garaian eragindako torturengatik ezagun egin zen Gonzalez Pachecok 71 urte ditu egun.

Memoria historikoa berreskuratzeko Espainiako Estatuko elkarteak eskatuta, informazio hori baieztatu du ohar bidez Barne Ministerioak, El Diario.es egunkariak argitaratu duenez. Pachecok plusa kobratzen segitzen du pentsioan, polizia inspektore izan zen urteetan Martin Villak ezarri zion domina tarteko.

Billy el Niño frankismoaren krimenen kontrako kereilan auzipetuta dago, Poliziaren Zuzedaritza Nagusian lagun askori tortura basatiak egin izana salaturik, horietako asko Euskal Herrikoak. Bere kontra kereila jarri dutenetako zenbaitek sexu erasoak ere egin zituela azaldu dute.

Urte horietan egindakoagatik Francoren erregimeneko Gobernazio Ministro Rodolfo Martin Villak domina jarri zion 1977ko ekainaren 13an, Espainian hauteskunde demokratikoak egin baino bi egun lehenago. Oraindik frankismoren arranoa daraman orduko buletin ofizialean irakur daitekeenez, 1964ko lege baten artikulua erabili zuten Pachecori Polizia Merituaren Zilarrezko Domina ezartzeko.

Barne Ministerioak azaldu duenez, salaturiko torturatzaileak jasotako dominak berekin dakar %15eko biziarteko pentsioa, "14 ordainsari eta hirurtekoak" kontuan edukita.