argia.eus
INPRIMATU
Bildarratzek adierazi du ez dela irregulartasunik egon eskola-garraio zerbitzuen lizitazioan
  • Joan den astean Vocento taldeko egunkariek esan zuten Gipuzkoako ibilbide gehienak Urpa enpresari esleitu zizkiotela, garraio enpresako administrarietako bat Hezkuntza Saileko aholkulari zen bitartean. Hezkuntza Sailburuak azalpenak eman ditu, eta azpimarratu du prozesua "garbia eta gardena" izan zela.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko irailaren 25a
Jokin Bildarratzek Radio Euskadin eman ditu azalpenak, eta aurreratu du Eusko Legebiltzarrean ere emango dituela. (Argazkia: EITB)

Aurreko astean Vocento taldeko egunkariek azaldu zuten eskola-garraio zerbitzuen lizitazioan Gipuzkoako ibilbide gehienak Hezkuntza Saileko aholkulari baten enpresari esleitu zizkiotela. Urpa garraio enpresak hartu zituen 65 ibilbidetatik hamabost, enpresako administrarietako bat, Joanes Labayen, bilkura horretako aholkulari aritu zenean. Jokin Bildarratz Hezkuntza Saileko sailburuak adierazi du lizitazioa "garbia eta gardena" izan zela.

Radio Euskadin "harrituta" agertu da enpresen esleipenak sortutako susmoekin. Besteak beste, Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak gaiaren inguruko azalpenak eskatu zizkion Iñigo Urkullu lehendakariari. Bildarratzek aurreratu du argibideak Eusko Legebiltzarrean ere emango dituela, eta jada egin duela agerraldi eskaera.

Azaldu duenez, ibilbide gehienak hutsik zeudela ikusita, Eusko Jaurlaritzak uztail amaieran proposatu zien enpresei aurreko urteko ibilbideak egiteko, eta gehienek uko egin zioten. Horren ostean, kontratatu zuten Cuatrecasas abokatuen bulegoa, "lizitazio guztia eginda zegoenean", abuztuan.

Gaineratu du Urpa 30 ibilbidetan aritzeko aurkeztu zela, hamabost baino ez zizkiotela esleitu eta horietatik hamabitan ez zela beste enpresarik lehiatu. EAEko ibilbide guztien %3,2 ditu Labayenen enpresak.

Horrez gain, azpimarratu du abokatuak jakinarazi ziola Gipuzkoan garraio enpresa bat zuela, baina hori bateragarria zela bere aholkulari zerbitzuarekin, Hezkuntza Sailak eskatzen zionak ez zuelako "lehiaketarekin eta bere enpresarekin zerikusirik".