argia.eus
INPRIMATU
Bilbotar bat etxerik gabe geratuko dela salatu du Kaleratzerik Ez!-ek
  • Astelehen honetan bilbotar bat etxerik gabe geratuko da, Bilboko lehen auzialdiko epaitegiak hartutako erabaki baten ondorioz. Kaleratzerik Ez! Plataformak salatu du erakunde publikoek ez dutela ezer egin egoerari aurre egiteko.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 09a
Etxetik kanporatuko duten pertsonak hala eskatuta, ez da elkarretaratzerik deitu astelehen honetarako. Argazkian, beste etxegabetze baten aurkako kontzentarazioa (argazkia: Kaleratzerik Ez!).

Bizkaiko Kaleratzerik Ez! Plataformak salatu du Bilboko herritar batek astelehen honetatik aurrera bere etxea utzi beharko duela Bilboko lehen auzialdiko epaitegiak emandako sententzia bat dela medio. Egoera horren aurrean erakunde publikoek ezer ez dutela ezer egin kritikatu dute, kanporatua izango den herritarrak Bilboko Udalera eta Etxebidera jo arren, erantzunik ez baitu jaso.

Plataformak azaldu duenez, orain arte alokairuan bizi izan den herritarrak hilean 700 euroko diru sarrerak ditu eta kopuru hori ez da nahikoa alokairua, elikagaiak eta oinarrizko gastuak betetzeko. Gainera, bizi duen egoera dela-eta, kaltetutako pertsonak depresio eta antsietate egoerak dauzka. Hala eta guztiz ere, etxetik kanporatua izango den pertsonak berak hala eskatuta, Kaleratzerik Ez!-ek ez du egoera salatzeko elkarretaratzerik deitu gaurko.

Hori bai, erakundeei eskatu diete bete ditzatela Espainiako Estatuak sinatutako nazioarteko paktuak etxebizitzaren alorrean eta Eusko Jaurlaritzari eskatu diote Etxebizitza Legea martxan jar dezala.

Gainera, Kaleratzerik Ez!-ek adierazi du etxegabetzeak eteteko eta egoera larrian dauden familiei argindarra edo ura moztea eragozteko eskariarekin bat egiten duela: Hipotekak Kalteturikoen Plataformak (PAH, gaztelaniazko sigletan) eta beste zenbait mugimendu sozialek eskari hori egin zioten Espainiako Gobernuari.