argia.eus
INPRIMATU
Bilbon euskara jira ta Bira
Julen Orbea 2025eko uztailaren 25

Euskara badago Bilbon, baina non? Eta zertarako? Nork sortzen du euskarazko kultura, eta nork sostengatzen? Galdera horien aurrean, udalaren azken urteetako erabakiei begira, argiago ikusten da euskara eta kultura bizirik nahi ditugunontzat kezkagarriak diren erabakiak hartu dituztela.

Azkenaldian, Bilboko Udalak hartutako neurriak eztabaidagai bihurtu dira hiriko euskaltzaleon artean: euskaraz idatzitako auzo aldizkarien egoera, auzoetako jaietako laguntzen murrizketa, Azkuna Zentroaren pribatizazioaren norabidea, 2024ko azaroan Euskararen Ordenantza berri baten proposamenari ezezkoa, epe laburrean gertatutakoak dira guztiak, baina norabide berean doazenak: kultur ondarearen merkantilizazioa, euskarazko eta herritik sortutako kulturaren ahultzea, lau urteko Planaz harago, estrategia bateratu falta… Udal Gobernu honek badaki zer itxura eman nahi dion euskarari: Basque Fest. Postaletan agertzen den euskara, show bihurtutako euskara. Erakusteko, baina ez bizitzeko. Egiten ari den folklorizazio horrek, ordea, ez du elikatzen euskararen benetako erabilera. Horrek ez du laguntzen gazte batek bere lehen poesia bilduma euskaraz argitaratzeko bidea aurkitu dezan. Ezta auzoko plaza batean euskarazko sormen adierazpenak antolatzeko aukera eduki dezan edo ekimen herritarretik jaiotako guneen sustapena ere.

Udal Gobernu honek badaki zer itxura eman nahi dion euskarari: Basque Fest. Postaletan agertzen den euskara, show bihurtutako euskara. Erakusteko, baina ez bizitzeko

Horren adibide garbia da Bira kulturgunea. Herritik sortutako proiektua, komunitate baten ahaleginarekin eraikia. 2016tik hona, 285.000 euroko ekarpena egin dute birakideek, eta urte bakoitzean 45.000 euro inguruko aurrekontu xumearekin aritu dira. Iaz, 303 egunetan 290 kultur ekitaldi antolatu zituzten: literatura, filosofia, bertsolaritza, musika, gazteentzako programazioa, eta beste hainbat. Eta hori guztia euskaraz, herrigintzatik eta profesionaltasunez. Baina 2024ko eta 2025eko udalaren dirulaguntzak nabarmen jaitsi dira. Horrek esan nahi du datorren ikasturtean ezin izango diotela ordura arteko programazioari eutsi. Egitura profesionala desagertu egingo da, eta militantziatik soilik jardun beharko dute. Bira, de facto, desagertzera doa gaur egun ezagutzen dugun moduan, aditzera eman dutenez. Uda hasierarako notizi latza.

Bitartean, Bilboko Udalak Azkuna Zentroaren kudeaketa are gehiago pribatizatzen jarraituko du, tokiko sortzaileentzat gero eta zailagoa den bitartean hirian bertan lekua aurkitzea. Euskara eta auzoetako kultur adierazpenak baztertuta geratzen ari dira, espazio horiek ez direlako errentagarriak. Euskara gero eta gehiago bultzatzen da ekitaldi puntualetako minimoetan, baina gero eta gutxiago egunerokoan. Soilik etekin ekonomikoari begira hartzen diren erabakietan.

Aspaldiko kontua da. Bilbok ez du Euskara Ordenantza eguneraturik 1997az geroztik. Kasualitatez Guggenheim inauguratu zenetik. 28 urte dira. Izan ere, ordenantza sendorik gabe, ezinezkoa da paisaia linguistikoa arautu eta euskalduntzea, baita euskarazko kultur sorkuntza sustatzeko atzera ezinezko bihurtu daitezkeen neurriak bermatzea ere, kultur bekak, auzoetan lehiaketak, euskaltegien sareen sostengurako plan bat marraztea, kirola, lana, aisialdia, merkataritza… erdalduntze makinariari aurre egiteko oinarri bat jartzea, azken finean.

Beraz, galdera honakoa da: nola eraiki nahi dugu Bilbo euskalduna, baldin eta euskarazko kultura sortzeko egiturak desagertzen badira? Ez da nahikoa “euskaraz bizi nahi dugu” esaldia lelo bihurtzea, erabakietan islatu behar da. Eta gaur egun, erabaki horiek ez doaz bide horretatik. Euskarak ez du berezko sailik ere, ez du Euskara zinegotzirik Bilbon; Euskara, Herritarren Arreta eta Partaidetza, 2030 Agenda eta Nazioarteko Gaiak aterpe berean estalita agertzen da gure hizkuntza. Hor ere zokoratua.

Euskararen presentzia eta prestigioa auzoetan, gazteen artean, sorkuntzan eta plazetan bermatu nahi badugu, ezinbestekoa da udal aurrekontuetan euskarazko kulturari lehentasunezko lekua ematea. Ezin dugu onartu herritik sortutako egitasmoak itotzen diren bitartean, erakusleihoetarako “Basque experience” ikusgarriak lehenestea. 

Udalak ez baina euskaltzaleok batik bat, kultur sormena eta euskarazko programazio itzela dituen Bira kulturguneak aurrera egin dezan, Euskaltzale bat, euro bat kanpainatxo bat arnasgune bat babesteko?

Julen Orbea Bereikua