argia.eus
INPRIMATU
Bilboko Udaltzaingoak etxekaleratze ilegala gauzatu duela salatu du AZET Etxebizitza Sindikatuak
  • Bilboko Udaltzaingoak legea hautsiz eta indarkeria erabiliz auzokide bat kale gorrian utzi duela salatu du Bilboko AZET Etxebizitza Sindikatuak, Blackstone funts putrearen jabetzako etxebizitza hustu ostean. Ostiralean jazo ziren gertakariak, San Frantzisko kalean, eta toki berean egin zuen agerraldia AZETek biharamunean. Blackstone funts putrearen erantzukizuna seinalatzeaz harago, erantzule politikoa Bilboko Udala dela adierazi du sindikatuak, eta hortaz, berari exijitu diote beren kidearentzat alternatiba eta aterabidea.

ARGIA @argia 2022ko azaroaren 28a

Bilboko Alde Zaharreko AZET Etxebizitza Sindikatuak agerraldia egin zuen larunbat goizean San Frantzisko kalean, bezperako gertakariak salatu eta erantzuleak seinalatzeko. Izan ere, azaroaren 25ean, 17:00ak aldera, Bilboko Udaltzaingoak hustea gauzatu zuen kale horretako 18. zenbakian. AZETek jakinarazi duenez, hustea biolentzia erabiliz eta modu ilegalean burutu zuten. Emandako azalpenen arabera, "uniformez jantzitako matoi talde batek gure kidearen etxeko atea bota zuen, Bilboko Udalaren aginduz; kidea identifikatu eta kale gorrian utzi zuten".

Kaleratutako auzokidea sindikatuko kidea da, eta Blackstone funts putrearen jabetzako etxebizitzatik kanporatua izan da. Zentzu horretan, ostiraleko kaleratzea inbertitzaile handiak eta funts putreak auzoan eragiten ari diren arazoaren baitan kokatu du sindikatuak, adieraziz auzo horretan aurkitu dutela "urrezko arrautzak erruten dituen oiloa". "Duela urte batzuetatik hona, ikusten ari gara nola pasatzen diren geroz eta etxebizitza gehiago subjektu hauen jabetza izatera, eta ondorioz, nola uzten dituzten geroz eta bizilagun gehiago kalean. Soilik azken hilabeteak kontutan hartuta, badakigu gutxienez hiru etxegabetze eman direla San Frantzisko auzoan, eta dozenaka pertsona beren bizitokitik kanporatu dituztela Global Pantelaria edo Blackstone bezalako funts putreek", jakinarazi dute.

Etxekaleratzearen lehen erantzuletzat jo dute "gure auzoak erosten eta gure miseriarekin irabaziak ateratzen ari den putre sarraskijalea". Alabaina, azpimarratu dute Bilboko Udala dela gertakarien erantzule politikoa, bere Poliziaren esku-hartzearen ondorio izanik kaleratzea. Bilboko Udalak aurrera daraman "pobreen aurkako gerraren baitan" kokatu dituzte gertakariak, "zehazki, egoera zaurgarrienean aurkitzen diren horien aurkako gerraren baitan", egoera irregularrean dauden gazteei erreferentzia eginez. Izan ere, beren kidea arabiar gaztea izan ez balitz, Poliziak beste modutara jardungo zukeela seinalatu dute, hainbesteko segurtasunik eta zigorgabetasunik gabe. "Beraiek izan ziren, aurrean zeukatena pertsona gazte eta migratzailea zela ikustean, gure kidea kaleratzeko legeak nahieran hautsi zituztenak; nazi koadrila baten biolentzia berarekin. Beraiek izan ziren agindu judizialik gabe, irekitako prozedurarik gabe, modu biolento eta kriminalean atea ostikadaka botatzea erabaki zutenak". Hori esanda, arrazakeria instituzional eta Poliziaren supremazismo adierazletzat jo dituzte gertakariak.

Agerraldia itxi zuten Bilboko Udalari exijituz ostiraletik kale gorrian aurkitzen den auzokidearentzat aterabidea eta alternatiba bat.

 

https://twitter.com/AlertaIrratia/status/1596493307638874115?s=20&t=ySnRTOuVcXDqCnUJNxDK9Q https://twitter.com/AlertaIrratia/status/1596493307638874115?s=20&t=ySnRTOuVcXDqCnUJNxDK9Q