Bilboko Konpartsen Federazioak 2025eko Aste Nagusirako prestatu duen egitaraua aurkeztu du Arriaga Plazan. Federazioak, konpartsek eta Jai Batzorde Mistoak 600 jarduera baino gehiago prestatu dituzte, "gustu guztientzako ekintzez betetako Aste Nagusiaz gozatzeko".
Bilboko Aste Nagusia abuztuaren 16an hasiko da, eta Bilboko Konpartsek haurrei, gazteei, helduei eta adinekoei zuzendutako egitaraua aurkeztu dute. 600 jarduera baino gehiago antolatu dituzte: antzerkia, kirola, gastronomia eta kontzertuak izango dira beste askoren artean.
Konpartsek nabarmendu dute aurreko urteetan gazteen artean arrakastatsuak izan diren skate tailerra eta rap tailer-emanaldia errepikatuko dituela. Kirolak jaien protagonista ere izango direla azaldu dute, "uretan, aldapan, plazan eta txosnetan gorputza eta garuna astindu ahal izateko hainbat ekintza" prestatu dituzte, haien artean: xake lehiaketa, swing dantza tailerrak, goitiberak, piraguak, konpartsen arteko ur jolasak, waterpolo eta beste asko. Programazio musikalak ia 250 kontzertu bildu dituela esan dute konpartsek: Naxker, Ksus Belly, Chulería Joder, Ezpalak, Ziztada & Erlantz, Kaparrak eta Bengo kasu. Horiei gehitu behar zaie musika mota anitzeko DJak egongo direla txosnetan.
Gainera, txosnen diseinua Txosnak Gureak, danonak kanpainara lotuta egongo dira. Munduan "bakarrak" direla azaltzen dute konpartsek: "Gureontzat goxo kozinatzen dugunon sukaldeak, iraultzaileon barrak, mundu berri batekin amesten dugunon etxeak, eta horiek babesteko kanpaina protagonista izango da".
TicketBai, hurrengo urteari begira
Bilboko Konpartsek astelehenean iragarri zutenez, Foru Aldundiarekin negoziatzen ari dira datorren urtetik aurrera TicketBai fakturazio elektronikoko sistema ezartzeko baldintzak. TicketBai ezartzea onartu badute ere, sistemak jai herrikoiak antolatzeko oztopoak dakartzala salatu dute. Aldarrikapen hori txosnak Euskal Herriko ondare inmaterialtzat jotzeko kanpainaren barruan kokatzen dute, Txosnak Gureak, danonak kanpaina, hain zuzen ere.