Bilboko hilketen aurrean "isiltasun konplizea" salatu du LGTB komunitateak

  • Bilbon, ligatzeko aplikazio bidez gizon homosexualekin hitzordua egin eta ondoren hil egin dituen erasotzaileak alarmaz gain haserrea piztu du LGTBI+ kolektiboan, hainbat hedabidek aferari eman dioten trataeragatik, hildakoak berriz biktimizatzeagatik, egoeraren larritasunari eman zaion erantzun apalagatik, instituzioen isiltasunagatik…


2022ko maiatzaren 04an - 11:02

Iazko irailetik urrirako tartean, gutxienez lau gizon hil zituen erasotzaileak Bilboko Alde Zaharrean, ligatzeko aplikazioen bidez biktimen etxean geratu ostean. Beste lau heriotza ere ikertzen ari da Ertzaintza, sekretupean. Erasotzailea identifikatuta du Poliziak, baina ez dakite non dagoen. Hasieran naturaltzat hartu zituzten heriotzak, baina biktimetako baten anaiak altxatu zuen erbia, hilda zegoen anaiaren kontu korrontetik norbait dirua ateratzen ari zela konturatu zenean. Autopsia egin eta hildakoari estasi likidoa eman ziotela aurkitu zuten orduan.

“Erantzun eza homofobia da”

Aferak kritika ugari jaso ditu, dela zaurgarria den kolektiboko jendea hiltzen ari diren heinean instituzioetatik salaketa garbia espero zuelako hainbatek, dela gizartean oihartzun eta protesta irmoagoa eskatu duelako askok, dela hedabide batzuek heriotzen eta biktimen inguruan informazioa emateko izan duten modua biktimak berriz ere biktimizatzea ekarri duela iruditu zaiolako hainbati.

Hala laburbildu du sare sozialetan Eneko Ander Romero ikerlariak: “Gure bizitzek ez dute baliorik. Ez dugu elkartasuna merezi. Guk geuk bilatu dugu aplikazio horiek erabiltzeagatik, gure ‘bizitza ereduagatik’. Kendu ‘gay’ eta sartu beste edozein hitz; instituzioak, alderdiak eta mundu guztia mezuak bidaltzen egongo zen! Ah, baina maritxuekin… Oraindik ere ‘besteak’ gara, lizunak, moral gabekoak, zikinak, perbertituak, promiskuoak! Nola atrebitzen gara txortan egitera! Honek bigarren mailako herritarrak egiten omen gaitu. Gure desioa bizitzeagatik ez dugu elkartasuna merezi, ezta akabatzen gaituztenean ere. Argi esango dut, ez dakit erailketa hauek eraso homofoboak diren ala ez. Erantzun eza, bestalde, hori bai da homofobia. Benetan barneratuta dagoen homofobia”.

"Oraindik ere ‘besteak’ gara, lizunak, moral gabekoak, zikinak, perbertituak, promiskuoak! Gure desioa bizitzeagatik ez dugu elkartasuna merezi"

Kaleak okupatzera deitu dute

Egoeraren larritasuna azpimarratu du E28 Koordinadorak, eta “instituzioen isiltasun konplizea” kritikatu du. “Azken hilabeteetan pairatzen ari garen eraso LGTBfoboengatik, maiatzaren 17an, LGTBfobiaren aurkako egunean, mobilizatzearen beharra ikusten dugu, inoiz baino gehiago”.

Ildo berean “kaleak okupatzen jarraitzera” animatu du jendea LGTBI+ Euskal Behatokiak, “LGTBI+ pertsonen aurkako indarkeria horren kontrako protestekin eta mobilizazioekin” segitzera.  Azken urteetako eraso eta gorroto-delituekin kezkatuta agertu da Behatokia, eta prebentzio-politika eraginkorrak eskatu dizkie instituzioei, baita LGTBI+ euskal lege integral bat ere.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: LGBTI
LGTBI pertsonak armairutik ateratzeko beldur dira lantokian

LGTBI kolektiboko hamar lagunetik bederatzik sekretuan mantentzen du bere sexu-joera laneko nagusien aurrean, eta lautik hiru ez da armairutik ateratzen lankideekin. Zergatiez, beldurrez eta arriskuez hitz egin dute Espainiako LGTBI+ Federazioak egin duen ikerketan.


Elena Guinea. Guztiontzako guneak sortzen
“Taberna bat edukitzea ardoak ateratzeko bakarrik, paso”

Etxe honetan askok ezagutzen dute Elena Guinea: 2021eko abenduan aldizkariaren azalean agertu zen, titi bakarrarekin eta irribarretsu, alboan zituela Sandra Barkaiztegi eta Olatz Mercader. Iñurri elkartearen (Min)bizi podcastean entzungo zuten beste hainbatek —Argia... [+]


Bilboko eraso homofoboa Legebiltzarrera iritsi da

Santomasetan bi homofobok sudurra apurtu zioten 23 urteko gazte bati eta kasu horren harira hainbat galdera egin dizkio Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Jaurlaritzari, LGBTfobiari aurre egiteko neurrien inguruan. Bilboko EHGAMek ere badu zer esana: "Zisheteronorma babesten... [+]


2024-01-08 | ARGIA
LGBT+ eragileek Baionako apezpikua salatu dute Aita Santuak bikote homosexualez esandakoa desitxuratzeagatik

Eliza katolikoak abenduaren 18an argitaratu zuen Fiducia supplicans agirian bikote homosexualak bedeinkatzeko aukera eman zuen. Abenduaren 29an, beste agiri baten bidez, Marc Aillet Baionako apezpikuak Aita Santuaren hitzak bere modura interpretatu zituen. Bere elizbarrutiko... [+]


2023-08-24 | Ilargi Manzanares
Pertsona trangeneroen aurkako erasoak handitu egin dira

Eraildako Trans Pertsonen Behatokiak egindako “Trans hilketen monitorizazioa” txostenean 2021eko urriaren 1etik 2022ko irailaren 30era 44 herrialdeetan izandako 327 pertsona transen hilketak salatu dira.


Eguneraketa berriak daude