argia.eus
INPRIMATU
Bilboko etapa Palestinak “irabazi” zuela azpimarratu dute, eta protestan jarraitzera deitu
  • Palestinarekin Elkartasunak manifestazio nazionala antolatu du urriaren 4rako. Ostiral honetan Euskal Herriko 130 udaletxeren aurrean protestatzera deitu du Gernika-Palestina ekimenak.

Maria Ortega Zubiate 2025eko irailaren 05
Palestinarekin Elkartasunak ostegunean Bilbon deitutako elkarretaratzea. Palestinarekin Elkartasuna

Asteazkenean Bilboko Kale Nagusian zen bukatzekoa Espainiako txirrindularitza Vuelta, baina Palestinaren aldeko zenbait elkartek deitutako mobilizazioek geldiarazi egin zuten etapa. Gertatutakoa “palestinar herriaren aldeko garaipena” izan zela adierazi du Palestinarekin Elkartasuna elkarteak, ostegunean Bilbon egin duen elkarretaratzean. Lortutakoa “sionismoaren aurkako borrokan eredu” izan behar dela adierazi, eta mobilizatzen jarraitzeko deia egin du: urriaren 4an manifestazio nazionala antolatu du Iruñean. Gernika-Palestina ekimenak mobilizazioak egingo ditu ostiral honetan, 130 udalerritako udaletxeen parean.

Gernika-Palestinak ere balorazio bertsua egin du, “oso positiboa”. Bi elkarteek nabarmendu dute mota horretako protesten beharra, eta protestan jarraitzeko mezua zabaldu dute. Ostiralean Euskal Herriko 130 udalerritako udaletxeen aurrean izango da protesta, eta protestak deitzeko ilustrazioak egin ditu Maitane Azurmendi ilustratzaileak: neskato bat, kazetari bat eta mediku bat, “Israelek Palestinan egindako genozidioaren hiru biktima nagusiak”.

Palestinarekin Elkartasunak ostegunean antolatutako elkarretaratze jendetsuan, Israel Premier Tech taldeak lehia uztea “ezinbestekoa” dela aldarrikatu du taldeak, “estatu sionista” ordezkatzen baitu. Era berean, Euskal Herrian egin diren mobilizazioetan izandako atxilotu eta zaurituei elkartasuna adierazi diete: Poliziaren “errepresioa” salatu dute, Bilbon hiru lagun atxilotu zituzten -jada askatu dituzte-, eta Erronkaribarren “mehatxuak” jasan dituztela adierazi dute.

Gaitzespen instituzionala

Osteguneko elkarretaratzean “agintarien adierazpen hipokritak” salatu ditu Palestinarekin Elkartasunak. Izan ere, asteazkeneko etapako istiluen ostean, zenbait agintarik protesten aurkako adierazpenak egin dituzte. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak adierazi du “gizalegezkoak” ez diren jokabideak izan zirela asteazkenean Bilbon. Imanol Pradales lehendakariak ere bide beretik jo du, eta ikuskizuna “batere eraikitzailea” ez izatea salatu du. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak ere alderdikideen mezu bera errepikatu du, hiriak eman duen irudiak “min” ematen diola adierazi du, eta zalantzan jarri du protestak Palestinari elkartasuna adierazteko izan diren. Hirurek azpimarratu dute Gazako genozidioren aurkako "gaitzespena".