Agerraldia egin dute Gasteizko GKS-k, Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak eta Bilboko Luberri konpartsak. “Hainbat hilabetez” Bilboko Konpartsekin eta Gasteizko Txosna Batzordearekin “egoera bideratu” nahian aritu direla ziurtatu dute, emaitzarik gabe. “Sorturen ingurune politikoa” egin dute “beto politikoaren” erantzule. Oraindik denbora dagoela adierazi eta konponbide bat aurkitzeko prestutasuna agertu dute. Iaz, Bilboko Konpartsek zein Gasteizko Txosna Batzordeak ukatu egin zuten Mugimendu Sozialistaren salaketa.
Bilbon eman dute prentsaurrekoa Mugimendu Sozialistaren baitako hiru eragileak, astearte goizean.
Bilbon
Bilboko Konpartsei dagokienez, Mugimendu Sozialistak azaldu du urte hasieran egin zuela Luberrik konpartsetan sartzeko eskaera, eta urtarrilean eztabaidatu zela. Ziurtatu dute eskariak “aldeko asko” izan zituela, baina “gu berriro kanpoan uztea erabaki zuten”. Salatu dute konpartsek kide berriak onartzeko irizpidea aldatu dutela, eta aldeko %75 boto direla beharrezkoak orain, “gutxiengo baten beto eskubidea gailenduz”.
Mugimendu Sozialistaren esanetan, Bilboko Konpartsek onartu diote eragilearen oinarriekin “bat egiten dutela”, baina haiekiko “konfiantza falta dagoela” azaldu diete. Konfiantza falta horren jatorrian iaz Luberri ez onartzeko erabakia publikoki salatu izana legoke. “Arrazoia hori bada, ez dago ulertzerik zergatik utzi zuten iaz Luberri kanpoan, guk inolako adierazpen publikorik egin aurretik”, salatu dute.
Gasteizen
Arabako hiriburuaren kasuan ere, azaldu dutenaren arabera, ikasturte hasieran egin zuten GKS-k eta Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak jaietan txosna jartzeko eskaera, “baina ez genuen erantzunik jaso”.
Urtarrilean, batzordeko eragile batek proposamena egin zuen bi eragileek txosna bakarra jarri zezaten eta “elkarlana praktikan” baloratu dadin: “Ez dute proposamena landu eta ez dute inolako proposamen alternatiborik egin”, ziurtatu dute. “Aurten ere” borondaterik ez izatea leporatu diote Txosna Batzordeari.
Bilboko Konpartsak eta Gasteizko Txosna Batzordeak
Iaz ere salatu zuen Mugimendu Sozialistak Gasteizen eta Bilbon kanpo utzi zituztela. Gasteizko Txosna Batzordeak zein Bilboko Konpartsek ekainean erantzun zuten, ohar bidez. Biek ukatu zuten “beto politikorik” ezarri izana, eta hartutako erabakiak defendatu zituzten.
Arrazoi politikoak
“Bazterketa honek arrazoi politikoak ditu”, salatu du Mugimendu Sozialistak agerraldian. “Sortuk ordezkatzen duen ingurune politikoa” haien aurkako “mesfidantza” elikatzen ari dela adierazi dute, Mugimendu Sozialista “konpetentzia politiko gisa” ikusten duelako. Ukatu egin dute “espazio zabaletan aritzeko” gai ez direnik, eta horren froga gisa aipatu dute hamaika eragilerekin batera aritzen direla hainbat jai batzordetan, Palestinarekin Elkartasuna eragilean edo plataforma ekologistetan. Mugimendu Sozialistaren aurkako “betoak” Gasteizko Txosna Batzordearen zein Bilboko Konpartsen “pluraltasuna kolokan” jarri eta “gazte andana kanpoan” uzten dituela salatu dute.
Aurtengo jaiei begira “denbora dago konponbide bat adosteko”, ziurtatu dute agerraldian, eta horretarako “elkarrizketarako eta elkarlanerako” prestutasuna adierazi dute.