argia.eus
INPRIMATU
Langile publiko izaera aitortu diete Bilboko Esperantza liburutegiko langileei
  • Bi urteko borrokaren ondoren, Bilboko Udalak aitortu du Zazpikaleetako Esperantza liburutegi publikoko langileen lanpostua "egiturazkoa" dela, eta izaera publikoa eman diete. Hala ere, lanpostuaren ezaugarriak "zehazteke" daudela ohartarazi dute langileek.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko azaroaren 3a
Bilboko liburutegien udal sareko langileen elkarretaratzeetako bat, Esperantza eraikineko zerbitzuen pribatizazioa salatzeko Bilboko Liburuzainak

Bilboko hainbat kultur zerbitzuren pribatizazioa salatu dute azken urteotan, batik bat alde zaharrean dagoen Zazpikaleetako Esperantza udal ekipamenduan. Urte luzez auzokideen "aldarrikapen historikoa" izan zen liburutegia, zabaltzea lortu eta Bilboko Udalak esku pribatuaren menpe utzi zuen bere kudeaketa, zerbitzuaren beraren eta bertako langileen baldintzen kaltetan. Udalaren esanetan, beste argudioen artean, "ordutegia zabalegia" zen udal langileek betetzeko. Praktikan, baina, arratsaldez soilik irekitzen zela salatu zuten udal liburutegien sareko langileek.

 

Langileak antolatu eta mobilizatu egin dira azken bi urteotan, eta, urriaren 31n jakinarazi dute, udalak aitortu egingo diela "langile publiko" izaera, "lanpostuak egiturazkoak" direla argudiatuta.

Pozik hartu dute erabakia, eta eskerrak eman dizkiete mobilizatu diren langile guztiei, baita babesa erakutsi dieten elkarte, kolektibo eta auzokideei ere. "Badakigu pribatizazioaren mamua ez dela desagertu, baina berriro agertzekotan, zerbitzu publikoen defentsan irmo jarraituko dugu", azpimarratu dute.

Esperantza, baina, ez da askatu

Liburutegiko langileak Bilboko Udaleko langile bihurtuko badira ere, Zazpikaleetan dagoen Esperantza eraikinaren kudeaketa pribatua da, jabetza eta erabilera publikoak badira ere. Liburutegiarekin batera, Haurgunea eta Gaztegunea deituriko espazioak daude, eta Hazian deituriko enpresa batek kudeatzen ditu, bai Esperantza eraikinean eta bai Bilbo osoan. 

Bilboko Liburuzainen kolektiboak mahai inguru bat antolatu zuen iragan martxoan, batez ere Bilboko kulturaren pribatizazioaz gogoetatzeko, espresuki Esperantza eraikinean fokua ipinita. Haizea Barcenilla ikerlari eta Arte Ederretako irakaslea eta Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetaria aritu ziren hizlari. ARGIAn azala eskaini genion gaiari; Jone Gartzia Gerrak ondu zuen erreportajea.