argia.eus
INPRIMATU
Bilboko epaitegi batek arrazoia eman dio ‘phishing’ biktima bati eta Santander bankua zigortu du
  • Kontsumitzaileen eskubideen defentsan, epaileek ebatzi dute bezeroak ez duela arduragabekeriaz jokatu eta bankuak 1.923 euro itzuli beharko dizkio biktimari.

Jon Fernández González 2025eko ekainaren 03a
Pertsona bat kreditu txartela erabiltzen. Rupixen

Epaia, aurrekari bat da kontsumitzaileen defentsaren testuinguruan, Erreklamatu abokatu bulegoak nabarmendu duenez. Bezeroa iruzur baten biktima izan zen eta baimenik gabe egindako kargu bat ohartarazi zuen. Bilboko biztanle horrek 2021eko urrian berak egin ez zuen kriptomoneten erosketa baten ordainketa ikusi zuen eta banku entitateari dirua itzultzea eskatu zion.

Bide horretatik bezeroak ez zuen ezer lortu, beraz, erreklamazioetan espezializatutako Erreklamatu abokatu bulegora jo zuen eta handik abiatuta bide judiziala ireki zuen bere dirua bueltan lortzeko. Behin epaiketan, Santander Bankuak azaldu du eragiketa egiterako orduan indartutako autentifikazio sistema erabili zela eta ziurtatu du PINa eta SMS bidez bidalitako kodea eskatzen dituela. Epailearen iritziz, horrek ez du frogatzen biktimak eragiketa baimendu duenik. Horri gehitu behar zaio entitateak eskainitako froga falta, ezin izan baitute demostratu nola eta noiz jarri diren bezeroaren datuak arriskuan.

Egungo araudiak bezeroak arduragabekeriaz jokatu dutela demostratzera behartzen ditu finantza entitateak. Epaileak nabarmentzen duen moduan: “Erabiltzaileak ukatzen badu transferentzia baimendu duela, bankuak kontrakoa frogatu behar du”. Froga horiek eskaini ezean, bankuak karguak bere gain hartu beharko ditu. Kasu honetan, iruzurreko dirua bueltatu beharko du entitateak bai eta legezko interesak eta kostu prozesalak ere.

Abokatu bulegotik iruzurren biktimak animatu dituzte erreklamatzera: "Askotan ez da erreklamatzen pentsatzen delako bankuak ez duela erantzukizuna bere gain hartuko. Baina legea alde dute, eta epai honek are argiago uzten du".