argia.eus
INPRIMATU
‘Bilboko branka’ proiektu komunikatiboaren agurra
  • Bilboko branka proiektuak ibilbidea eten du, "garai ekonomiko zailek" behartuta. "Bidean ahaleginak eta bi egin arren, ez dugu izan haren bideragarritasuna ziurtatzerik", azaldu dute sustatzaileek.

ARGIA @argia 2013ko ekainaren 27a
2007an sortu zen 'Bilboko branka'.

2007ko abenduan jaio zen Branka, "ohiko hedabideetan ageri ez zen Bilboren berri emateko" helburuarekin.

"Jende abertzale eta ezkerrekoek osaturiko Brankaren talde sustatzaileak helburu argia zuen: isil eta ikusezin nahi zituzten ahots horien guztien bozgorailu izan behar zuen, iritzi artikulu, albiste, erreportaje eta elkarrizketen bidez".

Agerkari digitala eratzeaz gain, paperera ere egin zuten jauzi. Hamar zenbaki atera zituzten bi urtean; 20.000 ale zenbaki bakoitzeko. Azken urteetan webguneari heldu diote buru-belarri.

"Sorreratik gaurdaino, diskurtso bakarrarekin amaitzea izan da gure apustua, eta hutsak huts eta gabeziak gabezia, gure txikitasunean Bilbon nagusi zen diskurtso uniforme eta uniformatzaile hori higatzea lortu dugulakoan gaude", diote bultzatzaileek. "Euskal Herrian ireki den aro berriari are egokiago helduko dion komunikazio estrategiaren nolakotasunez hausnartzea, eztabaidatzea eta erabakiak hartzea denon esku dago".