argia.eus
INPRIMATU
Bilboko Bira Kulturak eskaintza gutxituko du laguntza publikoen murrizketagatik
  • Ez dute itxiko, baina orain arte eskaini duten programazioari ezin izango diote eutsi. "Bira txikiago bat" izango dela zabaldu dute sare sozialetan.

Jon Fernández González 2025eko ekainaren 24a
Bira Kultura. bira.eus

Bilboko Bira Kulturguneko arduradunek sare sozialetan azaldu dutenez, dirulaguntza publikoak "dezente" murriztu dizkiete, eta hori dela eta, irailetik aurrera azken urteetako funtzionamendua aldatu beharko dute. Lan profesionalean eta militantzian oinarritutako eredua jarraitzen dute, baina murrizketa eta gero, denbora librea eskaini beharko diote proiektuari, eta horrek agendan eragingo duela azaldu dute. "Birakideen" ekarpenarekin eta administrazio publikoaren dirulaguntzekin osatzen zuten aurrekontua, eta dirua jasotzen jarraitu arren, ezingo dute egitura profesionala mantendu, murrizketen ondorioz.

2016an Bira herri proiektua sortu zenetik 285.000 euro jaso dituzte "birakideen" partetik. Diruarekin lokala erosi, obra egin, programazioa finantzatu eta komunitate gastu handiei aurre egin diete. Proiektu hasieratik lehentasuna kulturari eman diotela azpimarratu dute: "Oso aurrekontu txikiarekin aritu gara: batez beste, azken urteetan, 45.000 eurorekin osatu dugu urte osoko aurrekontua (artistei dietak, langile bi, erosketak, zehar gastuak...)".

Datorren ikasturtean, ez dira aipatutako aurrekontura hurbilduko eta liberaturik gabeko egiturara bueltatuko dira. Hala ere, aurrera egingo dutela adierazi dute, "sinisturik" baitaude haien bezalako espazioak "inportanteak" direla euskara, kultura eta hirirako.