Bilboko Konpartsak osatzen duten 27 taldeetatik hamahiruk erabaki dute AEBetako Coca-Cola multinazionalaren produktu guztiak kenduko dituztela haien txosnetatik, Israel palestinarren aurka egiten ari den genozidioaren konplize izatea leporatuta.
Azken urteotan, Bilboko konpartsa gehienek Palestinako kausaren alde egin dute hainbat ekintza sinbolikoren bidez, hala nola iazko jaietako gauetan egindako etenaldiak. Orain urrats bat aurrerago egitea erabaki dute. Neurri zehatza hartu dute txosnen antolaketari eta ekonomiari zuzenean eragingo diena: Coca-Colari boikot egitea. Multinazionalak, bere edari marka ezagunez gain, txosnetarako materialak ere eskaintzen ditu, hala nola mahaiak, aulkiak, eguzkitakoak, kañeroak... Txosnek horiek denak alboratu eta alternatibak bilatu dituzte, eta jakinarazi digutenez, jasangarriagoak eta ohiko multinazionalei lotuta ez daudenak izango dira.
Altxaporrue, Bizizaleak, Eguzkizaleak, Hau Pittu Hau, Kaskagorri, Kranba, Mekauen!, Piztiak, Txinbotarrak, Txinparta, Txori Barrote eta Uribarri konpartsak dira Coca-Cola beren txosnetatik botako dutenak, Israelgo apartheid sisteman multinazionalak duen inplikazioagatik. Coca-Cola munduko enpresa boteretsuenetako bat da, munduan gehien kontsumitzen denetakoa. AEBetan du egoitza nagusia, baina fabrika bat du Israelgo Atarot kolonian, Jerusalem ekialdean, Palestinako lurralde okupatuetan. Nazio Batuek eta Nazioarteko Zigor Auzitegiak hainbatetan adierazi dute asentamendu horiek nazioarteko zuzenbidea urratzen dutela. Coca-Colari leporatu diote Palestinako baliabide naturalez baliatzea eta Israelgo gerra-ekonomiari zuzenean laguntzea.
Palestinan, Coca-Colaren jardueraren inpaktua larriagotu egiten da Israelgo armadak putzuak eta ur-sistemak sistematikoki suntsitzen dituelako, eta horrek, salatu dutenez, Gazan uraren eskuragarritasuna %90 baino gehiago murriztu du 2023tik hona. Gogorarazi dutenez, Coca-Colak Israelen duen filialak –Tabor Winery upategia – ardoa ekoizteko erabiltzen dituen mahastiak lur okupatuetako kolonietakoak dira; Zisjordaniakoak eta Siriako Golaneko Gainetakoak.
BDZ ekimenaren helburua da Israelgo apartheid sistema sionistari amaiera ematen laguntzea
Coca-Colaren abusuen historia luzea da: Kolonbian eta Guatemalan sindikalistak hiltzea leporatu izan zaie –horren ondorioz duela urte batzuk Euskal Herriko talde internazionalistek boikota sustatu zuten–, Indian eta Hego eta Erdialdeko Amerikan baliabide hidrikoak bereganatu ditu multinazionalak, AEBetan haren langileen aurkako jarrera arrazistak salatu dituzte eta munduan dagoen plastiko kutsatzailerik handiena da.
Ekimena BDZ (Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak) nazioarteko kanpainaren barruan sartu dute. Kanpaina horren helburua Israelen eta Palestinako okupazioaren konplize diren enpresen gainean presioa egitea da, apartheid sistema sionistari amaiera ematen laguntzeko. Konpartsen erabakia mobilizazio zabalago baten lehen urratsa izatea espero dute. "Kontsumoan eragina sortu nahi dugu eta festa egiteko eta politikoki jarduteko beste modu bat posible dela erakutsi", azpimarratu dute.