Bilboko Arte Ederretako Manpower azpikontratako 34 langileek museoaren aurrean eginiko agerraldian adierazi dute "lan baldintzak penagarriak" direla eta, maiatzaren 16an greba egingo dutela, Museoen Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin bat.
"Orain dela urte asko" areto zaintzaileak, takila beharginak, hezitzaileak eta denda zein harrera langileak "erabateko prekaritatean" daudela. Jardunaldi osoan egonik ere, 900 euroko soldatara ez direla heltzen azaldu dute gaur museoko atarian eginiko protestaldian. Datu horrek "ondo baino hobeto azalaratzen du prekaritatea eta pairatzen ari garen egoera larria", diotenez. Prentsaurrekoa baliatu dute 1.200 eurotik gorako soldatak eskatzeko.
Manpower Groupentzat lan egiten duten 34 pertsonaren lanpostuek ez dute "inolako egonkortasunik" subrogazioa ez baitute bermatuta. Hamar urte inguru daramatzate lanean, eta izoztuta dute soldata. Gainera, "askok lanaldi partzialak dituzte". Horregatik eskatu diote Arte Ederren Museoari "bere egitekoa betetzeko funtsezkoak dituen langileen lan baldintzak bermatzeko", eta Bilboko Udalari eta Patronatuari "beharrezko neurriak har ditzatela langileek lan duintasuna berreskuratzeko". ELA eta LAB sindikatuek babestu duten agerraldian azaldu dutenez, "museo publiko bat non langileak lan prekarietatean murgiduta dauden, ez da izango kultura erreferente bat ez aberastasun iturria gizarterako, ez orain ez inoiz".
Gatazka ez bada konpontzen, langileek argi dute maiatzaren 16an greba egingo dutela, Museoen Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin bat eta ekainaren 7tik aurrera, greba mugagabea eramango dutela aurrera; hiperrealismo erakusketa hasten denean justu.
Albiste hau Bilboko Uriolak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra