argia.eus
INPRIMATU
Metro Bilbaok I-SEC Aviation Security enpresa israeldarrarekin sinatu duen kontratuaren aurkako kexak aurkeztu dituzte
  • Metro Bilbaok I-SEC Aviation Security S.L. segurtasun-enpresa kontratatu zuen apirilean. Horren aurrean, kexak aurkeztu dituzte dozenaka herritarrek Metro Bilbaoren bulegoetan, Bilbo-Palestina Herri Ekimena eta Nodo BDZ-Bizkaiak deituta.

Jon Fernández González 2025eko ekainaren 04a

Asteartean aurkeztu dituzte kexak, banan-banan, San Nikolaseko metro geltokian, Metro Bilbaok segurtasun arloko enpresa sionistarekin sinatutako kontratua salatzeko. Euskal instituzioei eskatu diete Israelgo enpresekin eta ordezkariekin dituzten harreman guztiak etetea, eta adierazi dute "onartezina" dela genozidioaren konplize diren enpresak kontratatzea edo haiekin lankidetza sustatzea.

Bilbo-Palestina Herri Ekimena eta Nodo BDZ-Bizkaiak adierazi dutenez, I-SEC Aviation Security 1982an sortu zuten "Shin Bet Israelgo Segurtasun Zerbitzu Orokorreko kide ohiek eta Israel Airlines konpainiako segurtasun-agenteek".

Mozioa Sopelan

Maiatzak 29an, Sopelako Udalak mozioa onartu zuen, Metro Bilbaok enpresa sionistarekin duen kontratuaren aurka. Mozioaren alde bozkatu zuten EH Bildu, Elkarrekin Sopela eta SAE udal taldeek, eta aurka EAJk eta PSEk.

Sindikatuek ere salatu dute kontratua. Apirilaren 29an Metro Bilbaoko LABek kontratazio politikek "muga etikoak" izan behar dituztela aldarrikatu zuten, besteak beste, "Palestinako herriaren genozidioarekin kolaboratzen duten enpresekin" akordiorik ez egitea. Lan eskubideka urratzea ere leporatu dio sindikatuak enpresari. Azaldu du Lan Ikuskaritzak zein Gizarte Segurantzak zigortu egin dutela "askatasun sindikala urratzeagatik, langileen atsedenaldiak ez errespetatzeagatik, aparteko orduen mugak gainditzeagatik, kontratatutako zerbitzuak ez betetzeagatik edo kotizazioak ez ordaintzeagatik".