argia.eus
INPRIMATU
Bilbo Hegoaldeko Tren Saihesbideak badu alternatiba: maiztasun hobea eta onura sozialak, gehiago gastatu gabe
  • Aukera bakarra existitzen ez dela eta bideragarriak diren alternatibak egon badaudela adierazi du taldeak. Alternatibak kontutan hartzearen eta herri galdeketa egitearen alde agertu dira.

ARGIA @argia 2018ko ekainaren 06a
Hegoaldeko Tren Saihesbidea gelditzeko eskatuz Barakaldon egindako manifestazioa (Barakaldo Naturala)

Egun existitzen diren azpiegituren modernizazioan oinarrituta, natura suntsitu eta Bilboko portuari esklusibitatea ematen dion Hegoaldeko Tren Saihesbidearen proiektuaren aurrean, naturarekin errespetu handiagoa duten alternatibak aurkeztu ditu Barakaldo Naturala taldeak.

Planteamendua aurkezteko bi informetan oinarritu dira: tokiko arkitektura eta ingeniaritzan lan egiten duen Urak Bide Taldeak egindakoa batetik, aurkezten den alternatibaren bideragarritasun teknikoari buruzkoa; eta EHUko irakasle eta Ekopol ikerketa taldeko kide David Hoyos eta Gorka Buenok egindako analisia bestetik, alternatibetan inbertitzearen abantaila sozioekonomikoei buruzkoa.

Bi txosten horietan oinarrituta, jakinarazi dute alternatibak gainditu egiten dituela proiektu ofizialaren aurreikuspenak: erakundeak bultzatzen ari diren azpiegiturak eguneko 13 merkantzia trenetatik 72ra igotzea bilatzen du; proposamen alternatiboak berriz, 77raino igoko luke. Gainera, taldearen arabera, hobekuntza hori lortuko litzateke Espainiako Sustapen Ministerioak eta Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak proiektuaren I. Faserako aurreikusitako aurrekontuaren antzekoarekin edo baxuagoarekin.

Aurkeztutako alternatibak egungo azpiegiturak lurperatzean oinarritzen dira eta ekarriko lituzkeen onuren artetik zenbait azpimarratu dituzte: zaharkitutako azpiegituren eguneratzeak irabazi sozial eta ekonomikoak ekarriko lituzkeela adierazi dute, “portuarentzat esklusibotasunik barik”; trenak zeharkatzen dituen udalerrietan birsorkuntza urbanistikorako milaka metro karratu berreskuratzea ere posible egingo luke; eta auzoek erdialdearekin daukaten muga fisikoa ezabatzeak herri hauei onura sozial eta ekonomikoak ekarriko lizkiekeela.

Geralekuen birkokapena eta egokitzapena egungo arautegietara egokitzea ere ahalbidetuko litzakela azaldu dute, garraio pribatuaren ordez publikoa bultzatuz. Eta honi guztiari gehitu diote, portuko aginte eta administrazioen aurreikuspenak bete ezean alternatibak bidaiarientzako garraio publikoaren funtzionalitatea betetzen jarraituko lukeela.

Herrikolore hedabidean irakurtzen denez, proiektua ekainaren 21ean aurkeztuko dutela jakinarazi dute, momentuz deialdiaren inguruan informazio gehiago eman ez duten arren.

Hegoaldeko Tren Saihesbideak zertan datzan

Bilboko portuko merkantziei irtenbidea bilatzeko proiektua da Hegoaldeko Tren Saihesbidea, 2015ean Espainiako Sustapen Ministerioak aurkeztua eta Eusko Jaurlaritzak babestutakoa. Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak hitzartutakoaren arabera, Jaurlaritzak saihesbidea egiteko eginkizuna hartuko du. Ondoren, Espainiako Gobernuarekin kupoa kalkulatzeko momentuan, erabilitako dirua berreskuratzeko neurriak hartuko dira. Proiektua 2023an ireki ahal izatea aurreikusten da.