Bilbao Ria 2000 enpresa publikoaren defizitak finantza “crack” bat sortu aurretik neurriak hartu behar direla esan du Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak.
Datuen arabera, Bilbao Ria 2000k 203 milioi euroko zorra dauka. Krisia sortu zenetik kapital falta handia pairatzen du. Kalkuluen arabera 2014rako enpresak ohikoak diren gastuak ordaintzeko ere ez luke dirurik edukiko.
Bizkaiko Batzar Nagusietan, PSE-EEk enpresa itxi beharrean beste neurri batzuk proposatu ditu. Baina ahaldun nagusiak, atzera bueltarik ez dagoela eta erabakiak azkar hartu beharko direla erantzun die.
Bilbao Ria 2000 "higiezinen burbuilan" oinarritutako enpresa izan dela esan ondoren, enpresa eredu horrek hondoa jo duela onartu du Jose Luis Bilbaok.
Enpresaren finantzaketa udal eta enpresa publikoek emandako lur industrial erabili gabeak birkalifikatzean zetzan. Ondoren lur horiek saldu eta lortutako gainbalioekin hurrengo obra publikoetan inbertitzeko dirua ateratzen zen.
Espainiako Gobernuak (%50), Bilboko Udalak (%15), Foru Aldundiak (15%) eta Barakaldoko Udalak (%5) osatzen zuten enpresa honen aktiboen balorea erdira jaitsi ondoren zorra ordaintzea ezinezkoa bihurtu da. Instituzio horien harremana eta kolaborazioa goretsi ondoren, denen arteko adostasuna eskatu du Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilbao Ria 2000ren desegite prozesua burutzeko.