argia.eus
INPRIMATU
Biktima gisa aitortzeko txostenak jaso dituzte Pasaiako segadan eraildakoen eta Rosa Zarraren senideek
  • Azken astean ezagutarazi moduan, Eusko Jaurlaritzaren Balorazio Batzordeak txosten banatan aitortu ditu estatuaren biktima gisa. Justizia sailburuak ekitaldi pribatu banatan entregatu dizkie dokumentuak.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko martxoaren 25

Joan den larunbatean, martxoaren 22an, 41 urte bete ziren Pasaiako badian Espainiako Poliziak lau gazte hil zituenetik sarekada batean. Komando Autonomo Antikapitalistetako kideak ziren Dionisio Aizpuru, Pedro Mari Isart, Jose Mari Izura eta Rafael Delas.

Lau hamarkadaren ondoren, Eusko Jaurlaritzak estatuaren biktima gisa aitortu ditu, besteren artean zera argudiatuta: "Autopsiak hortxe daude; lau gazte zuloz josita, eta frogarik ez dago lau gazteek armak erabili zituztela esateko –kontakizun ofizialak hala dio, bi aldeen arteko tiroketa egon zela–; polizia-agintariek behin eta berriz uko egin diote esateari nortzuek agindu edo parte hartu zuten gertakari haietan". Era berean, Jaurlaritzaren txosten horrek dio hildako lau gazteen ikerketa "eskasa" izan zela, "informazioa berandutu, oztopatu eta ezkutatu" zela, eta, hortaz, "ikerketa judiziala bultzatzeko jarrera proaktiborik" ez dela sekula egon.

Bestalde, aste berean, Rosa Zarraren heriotzatik 30 urte beteko direnean ekainean, Jaurlaritzak kontu berriak ezagutarazi ditu: Ertzaintzaren pilotakadaz hil zen Zarra, orain arte Ertzaintzak uko egin izan badio ere bertsio horri. Jaurlaritzaren orduko Segurtasun sailburu Juan Mari Atutxak zioen Zarrak berak zuen gaixotasunaren ondorioz hil zela.

Gertaerak ekainaren 22an hasi ziren. Hilabete eta erdi lehenago ETAk José María Aldaya enpresaria baitu zuen, eta hori salatzeko bilkura zegoen Donostiako Amara Berri auzoan, astero moduan, Usoaren plazan. Ekainaren 21ean, Joxi Lasa eta Joxean Zabalaren gorpuak iritsi ziren Tolosara, eta ehorzketaren unean Ertzaintzak gogor kargatu zuen han bildutakoen kontra; hura salatzeko, hurrengo egunean protesta antolatu zuen ezker abertzaleak, Donostiako Amara Berriko Usoaren plazan. Hortaz, leku berean, bi manifestazio zeuden deituta. 

Kargak egon ziren Ertzaintzarekin, eta Rosa Zarrak pilotakada bat jaso zuen sabelean. Ospitalean ikusi zuten ubeldua zuela sabelean, baina "ezertxo ere" ikusi ez ziotenez, etxera bidali zuten. Ekainaren 25ean berriz ospitaleratu zuten eta ebakuntza egin zioten. Orduan ikusi zuten heste lodia geldirik zuela eta infekzio bat zabalduta. Zaintza intentsiboetan sartu eta ekainaren 30ean hil zen, 58 urterekin.

Bertsioak kontrajarri zituen Jaurlaritzaren orduko Segurtasun Sailak, baliatuta argitara eman zela Zarrak giltzurruneko transplante bat izan zuela lehenago. Epaileak irailean artxibatu egin zuen auzia, familiarentzat oso mingarria izan zen ondorioarekin: “Kolperik gabe ere berdin hil zitekeen zortzi egunen buruan”. Juan Mari Atutxa sailburuak ere bat egin zuen epailearen balorazioarekin.