Emakume adingabe batek Gasteizko etxebizitza batean izandako abortua ikertzen ari da Ertzaintza. Haren bikotekidea atxilotu egin dute, neska abortatzera behartzea leporatuta.
Larunbatean atxilotu zuten gizona, Salburua auzoko etxebizitzan bertan. Emakumea, aldiz, ospitalera eraman zuten, artatua izan zedin. Iluntzeko 21:00ak inguruan Ertzaintzak abisua jaso zuen, emakume gazte batek umea galdu zuela. Poliziek eta haiekin batera bertaratu ziren sendagileek gertatutakoa berretsi zuten; neska ospitalera eraman eta bikotekidea atxilotu zuten, emakumeen kontrako erasoekin lotutako delitua egotzita.