argia.eus
INPRIMATU
Bikotekidea mugikorretik kontrolatzea gazteen artean ohikoa dela frogatu du EHUren ikerketa batek
  • Maitasun erromantikoari lotuta, nerabe askok normalizatuta eta barneratuta du bikotekideak mugikorraren eta sare sozialen bidez kontrolatu nahi izatea. “Inportantea da ziberbiolentzia gisa identifikatzea, eta ez maitasun seinale gisa”, gogorarazi dute ikertzaileek.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2025eko ekainaren 18a
Paula Estevez

Maria Dosil eta Uxue Llano EHUko ikertzaileek Udako Ikastaroetan emandako ikerketaren berri dakar El Diario Vascok: 12 eta 17 urte arteko 409 gazte galdekatu dituzte (%54 mutilak, %45 neskak, %1 ez bitarrak) eta emaitza izan da bikote harremana duten %67,1ak ziberbiolentzia erabili duela bere bikotekidearengan, batez ere kontrola. Zehazki, gutxienez hamar nerabetik seik bikotekidea kontrolatu du mugikorraren edota sare sozialen bidez.

“Jarrera sexistak eta maitasun erromantikoaren mitoari lotuak antzeman ditugu, emozioak erregulatzeko zailtasunak eta antsietatearekin zerikusia duten sintomak –dio Maria Dosilek–. Kontrola zaila da identifikatzen, sarri maitasun erromantikoarekin lotzen dutelako, konfiantza eta maitasun seinale gisa hartzen dute, normalizatuta dute”.

Horri aurre egiteko, CDA-Stop (Cyberdatin Abuse Stop) programa jarri zuten martxan ikertzaileek: “Galdetzen diegu, irudikatzen duzu zure mutila prismatikoekin nondik zoazen zelatatzen? Ba hori da Instagrameko historiei begira aritzearen pareko. Etxeko giltzak emango zenizkioke? Ba hori da zure pasahitzak ematearen pareko. Offline bizitzako egoeren larritasuna ikusten dute, baina ez hainbeste online denean; eta halako saioek laguntzen diete ziberbiolentzia hori identifikatzen”.

"Maitasunarekin lotzen dute gardentasun osoz jokatu beharra, inongo sekreturik gabe. Zergatik jakin behar du bikotekideak dena zutaz?"

Genero Indarkeriaren Eskailera

Tamalez, Indarkeriaren Eskailera presente dago oraindik, hainbat harremanetan. ARGIAn jorratu genuen eskaileraren metafora: nola hasten den bikotekidea bestea non eta zertan ari den uneoro jakin nahian, mugikorra kontrolatzen, pixkanaka pertsona hori gainerako guztitik bakartzen, bere janzteko modua eta jokaera baldintzatzen… konturatzerako gutxiespena, umiliazioa, mehatxua, beldurra eta baita indarkeria fisikoa ere baliatzen dituen arte.

Funtsezkoa da indarkeria fisikoa agertu aurreko urrats horiek guztiak gazteek identifikatu eta atzean dagoen errealitateaz jabetzea. “Kontrol puntu bat positiboki baloratu ohi dute neskek, maitasun erromantikoaren mitotik hala barneratuta. Sarri, maitasunarekin lotzen dute norbera besteari ‘erabat ematea’; alegia, gardentasun osoz jokatu beharra, inongo sekreturik gabe. Zergatik jakin behar du bikotekideak dena zutaz? Zergatik ezin duzu izan zure intimitatean gorde nahi duzun arlorik, zuretzat izatea nahi duzun emozio eta barne-pentsamendurik?”, planteatzen die ikasleei Beatriz Rubio Hezkidetza arduradunak.

Negatibotik positibora, ikasleekin egin daitekeen ariketa bat ere bada bikote harreman osasuntsu batek nolakoa izan behar duen pentsatzea eta ezaugarriak izendatzea, modu eraikitzailean. “Maitagarria, alaia, ez jeloskorra eta fidela dira zerrendatzen dituzten ezaugarrietako batzuk”, nabarmentzen du Beatriz Rubiok, aipatu erreportajean.