argia.eus
INPRIMATU
Bikoiztu egin dira minbiziaren aurkako botiken prezioak hamar urtetan
  • Hogei urtean minbizia kasuek %30 egingo dutela gora aurreikusten da Espainiako Estatuan eta tratamenduan erabiltzen diren medikamentu onkologikoen  prezioek, ordea, nabarmen egin dute gora: bikoiztu egin da hainbat botiken prezioa hamar urtetan eta zenbait kasutan 100.000 euroko gastua eragin diezaiokeela gaixo bakoitzari.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2018ko apirilaren 18a

No es Sano plataformak eginiko txostenak ondorioztatu duen puntu nabarmenena da. Patenteetan jartzen du fokua,  farmaziekin jabetza eskubideak sinatzea “gardentasunik gabeko” prozesua baita: “Patenteei esker ikerkuntzako gastuak berreskuratu nahi izaten dituzte. Aldiz, ohiko joera izaten da ikerkuntzako gastuak ez zehaztea”. Industria farmazeutikoak ezartzen ditu botiken prezioak eta euren interesak lehenesten dituztela dio txostenak,  interes publikoaren gainetik. “Gardentasun falta horrek mesede egiten die eta nahieran ezartzen dituzte prezioak”.

Ikerketak lau botika hartu ditu lagintzat. Saltzen dituzten enpresak “izugarrizko irabaziak” ari direla lortzen diote txostenaren egileek eta, neurri batean, injustua dela, botikok garapen bidean zeudenean inbertsio publiko handiak jaso baitzituzten erakundeen aldetik. Trastuzumab izeneko tratamendua, esaterako, bularreko minbizia sendatzeko erabiltzen da. Sortze bidean zegoeneko aurrekontuaren erdia unibertsitate eta fundazioen eskutik jaso zituen. Egun, Roche enpresak du bere jabetza eta jada 60.000 milioi euroko irabaziak lortu dituela kalkulatu dute txostenaren egileek.

Gauzak horrela, hainbat ospitaletako egoera “jasanezina” dela diote: “Prezioak ezin dira negoziatu, industria farmazeutikoak uzten ez duelako eta Gobernuak ez duelako ezer egiten”. Botiken prezioak hain garestiak izanik, langileen lan baldintzak nabarmen okertu direla zehaztu dute, hala nola, murrizketak egin direlako pertsonal eta gaixotasunak antzemateko tresneria, baita pazienteen arretan eragin ere.  

Hori dela eta, prezioak jaisteko eskatu dute eta ezar daitezela prezioak patenteen benetako kopurua aintzat hartuta, “ez batzuen interesen arabera”.  Botiken prezio erreala jakitea herritar ororen eskubidea izan beharko litzatekeela azaldu dute eta osasuna jomugan egonik, espekulazioa albo batera utzi behar dela.