argia.eus
INPRIMATU
'Missa Solemnis'
Bihotzetik zeruraino
Montserrat Auzmendi del Solar 2025eko ekainaren 27a
E. Moreno Esquibel

Beethovenen 'Missa Solemnis'

  • Taldeak: Bilbao Orkestra Sinfonikoa (zuzendaria: Nuno Coelho), Bilbao Koral Elkartea (Enrique Azurza) eta Iruñeko Orfeoia (Igor Ijurra).
  • Bakarlariak: Mira Alkhovik (sopranoa), Nerea Berraondo (mezzoa), Michael Porter (tenorea) eta David Menéndez (baritonoa). 
  • Noiz: ekainaren 21ean.
  • Non: Bilboko Arriaga Antzokian.

-------------------------------------------------------------------

Beethovenek Missa solemnis-en duen ikusmenaren neurrigabetasuna ulertzea erronka intelektual eta emozional handia izan da beti, musika honen konplexutasunean murgildu nahi duen edonori eskatzen zaion azterketa zorrotza. Lan hau oso garrantzitsua izan zen Beethovenentzat; bere lanik onena iruditzen zitzaion. Bihotzetik ateratako lana. Izan ere, partitura hasieran irakur daiteke: "Von Herzen-möge es wieder zu Herzen gehen!" (Bihotzetik bihotzera joan dadila).

Bere azken urteetako lanen batek Beethovenen existentziaren ikuspegi korapilatsua erakusten badu, Missa solemnis da, Bederatzigarren Sinfonia baino gehiago, hauxe giza anaiarte eta giza aspirazioaren ereserki baita, eta hari-laukote berantiarrak baino gehiago, hain bereziak, hain zailak, edozein giza erreferentziarekin arinkeriaz interpretatuak izateko.

Arriaga Antzokian entzun genuena zaindutako bertsioa izan zen, oso landua (inplikatutako artisten ilusioa sumatzen zen), eta emaitza ona utzi zuen, eta zirraragarria ere bai, esan liteke.

Eszenatokitik oso gertu egon nintzen arren, eta horrela obra modu panoramiko batean (nolabait esateko) entzuterik ez bazegoen ere, interpretazio osoan nagusi izan ziren xehetasun musikal onak egiaztatu ahal izan nituen.

Lehenik eta behin, bi abesbatzek, Bilboko Koral Elkarteak eta Iruñeko Orfeoiak egindako lan ona azpimarratu behar da. Izan ere, abestatzek sendo abestu zuten, eta adierazkorrak izan ziren obraren zati ezberdinetan, Gloriaren eta Kredoaren fuga zailetatik hasi eta Agnus Dei noblearenganaino. Abesbatzek dotore konpondu zituzten ahots eta erritmo zailtasun guztiak. 

Era berean, lau bakarlariak eraginkorrak izan ziren, eta koruarekin eta orkestrarekin batera beren paperak elkarri lotzen jakin zuten, Beethovenek benetako monumentu gisa sortu zuen musika jaialdi liturgiko horretan. Mira Alkhovik sopranoak tinbre zaindua erakutsi zuen; Nerea Berraondo mezzoa bere adierazkortasunagatik nabarmendu zen; eta Michael Porter tenoreak eta David Menéndez baritonoak emanaldi aipagarriak izan zituzten eta ahots-emisio dotore eta kalitatezkoa erakutsi zuten. 
Bilbao Orkestra Sinfonikoak trebetasunez eutsi zion musika-arkitektura horri guztiari, Nuno Coelho zuzendari gaztearen gidaritzapean. Honek klasea erakutsi zuen, baita ideiak oso argi dituela ere.