IDOIA ASURMENDI
Non: Bilboko Kafe Antzokian.
Noiz: maiatzaren 29an.
----------------------------------------------------
Termometroak 30 gradutik gora markatzen ditu, uda giroa nagusi da eta Bilboko kaleak herritar aztoratuz beteta daude. Horrelako egun epeletan arnasten den irrika puntu hori nabari da giroan. 21:30ak dira eta oraindik egun argia da kalean. Testuinguru horretan abiatu gara laguna eta biok Bilboko Kafe Antzokira, oso bestelako espiritua darion espazio eta kontzertu batera. Kafe Antzokia areto iluna izaten da, giro intimo eta isolatua sortzen duen espazio berezia. Idoia Asurmendiren ahotsa, berriz, hipnotikoa bezain samurra da. Goxoa eta lasaigarria, eta, era berean, erraietaraino sartzen zaizkizu haren hitzak. Antzokiko atea gurutzatu bezain laster harrapatu gaitu Asurmendiren musikak. Kolpean aldatu zaigu aldartea, kanpoan utzi dugu asaldura, lasaitasunaren mesedetan.
Soineko zuri-beltza jantzita eta bidelagun dituen musikariez inguratuta, gogotsu agertu da Idoia oholtzara. Balioan jarri du Kafe Antzokia espazio berezia dela berarentzat, Bilboko publikoari lore bat edo beste bota dizkio eta kontatu digu Kolonbian izan dela berriki, bere zenbait kanturen protagonista den herrialdea berriz bisitatzen. Aramaioko gazteak bi disko argitaratu ditu dagoeneko, Ilun eta abar 2019an eta De amar y desandar 2024an. Bigarren honen biran murgilduta dabil azkenaldian, eta bere kantutegiaren errepaso ederra eskaini digu.
Gogoratzea bihotzetik berriz pasatzea dela dio Idoiak, eta horrelako zerbait gertatu zaigu bere kontzertuan. Idoiak oroitzapen propioak kantatu eta kontatu dizkigu, lehen pertsonan argi mintzatu da, minak eta pozak berdin kantatuta. Nik gauza askorekin konektatu dut bere kantaldian… oilo ipurdia eta hotzikarak tarteka sentituta eta begiak malkotan bustita; zenbaitetan pozez, beste zenbaitetan tristuraz. Izan ere, gure oroitzapenetan murgiltzera gonbidatu gaitu musikariak. Eraman gaitu Kolonbiara Un baile bajo el aguacero kantuarekin, Artatzako aitonaren memoriara Viejo refranero-rekin, Gaztelako familiari La Castellana eskaini dio eta errefuxiatuen aldeko aldarriz josi du 25. artikulua. Etxean denok ditugun aulki hutsak irudikatu ditugu Aulki jokoa kantari esker, eta isilduak izan ziren eta diren emakume erreferenteak ozen ahoskatu ditu Hitzetan-ek. Eta, kontzertu osoa harilkatuz, elkar zaintzari gozararre egin dio.
Bakoitzak bere oroitzapen propioetara egin du bidaia, eta ondo baino hobeto inguratuta bukatu du uda giroko ostegun iluntzea Asurmendik. Bira honetako merchandisinga sortzeko baliatu du Sarearena kantuko "eskerrak oraindik elkar zaintzen dugun" esaldia musikariak. Eta hori izan da kontzertua: minak eta pozak, denak pasatzen dira bihotzetik behin eta berriz, eta oroitaldi horietan guztietan behar dugu eutsiko gaituen sarea. Eta, akaso, kontzertu hau ere bada elkarzaintza sare horren pusketa txiki bat.