Biharko Lurra: Florentziako 'Terra futura'ren kronika

  • Terra futura feria iragan da Florentzian maiatzaren 17-19an. Bertze ekonomia baten aldeko hainbat esperientzia bilduak ziren, italiar modura, kaos koloretsu batean: anarkistak, ekologistak, bakezaleak, mafiaren kontrakoak, Caritas-ak, sindikatak, administrazioneak, budistak, Zazpigarren Eguneko Eliza Adventista, bidezko merkataritza, baita batere bidezkoak ez ziren saltzaile oportunista parrasta bat. Norat haize, harat aise.


2013ko ekainaren 24an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Maiatzean egin zen Italian Terra Futura feria.

Antolatzaile nagusia zen Banca Etica, bidezko finantza egitura. Laborariek ere bazuten beren lekua. Confederazione altragricoltura erakundeak eta AIAB Toscanak (laborantza biologikoa) antolatua zuten mahai inguru bat “kendu zuen eskuak gure lurretik: ekoizteko eskubidea eta lurraldearen geriza” lemapean.

Laborari siziliar batek aipatu zuen Vittoria herriko (Ragusa) lur okupatze mugimendua, laborarien espulsioen salatzeko. Soccorso contadino (laborarien sokorria) egitura abiatu zuten 2011an laborariek saltegi handiengandik jasaten zituzten presioen salatzeko.  “Questo, a casa mia, si chiama Mafia” : “gure etxean, horri Mafia deritzogu”. Elkarteak laguntzen ditu zorrez itoak diren laborariak lege aholkularitzan, haien eskubideak gerizatuz eta lur saltze-antxeren aurka mobilizatuz.

Ondotik mintzatu da Toscanako bio laborari bat. Toscanan ere jasaten dituztela bortitzkeriak, Sizilian baino molde ezkutuagoan bada ere: bankuen presioa, espekulazioa, banaketa handiaren logika eta etxalde ttipien desagertzea. Eta beti saltzearena : “Bio-rat banoa, ados, baina nork konponduko daut salmentaren arazoa?”.

AMAP-en gisako GAS (Gruppo di acquisto solidale) erosle taldeak goraipatu ditu, baina erranez sinbolikoak baizik ez direla merkatu mailan. Erabaki politikoak dira behar. Aipatzen ditu ere Toscanako GAT (Gruppo di acquisto terreni) lurren erosteko elkarteak. Ondotik, Basilicateko laborari bat. GAS-en laguntza ukanik ere, behar izan du laborantza utzi. “Ezin nuen aintzina segitzen ahal zuzenki jokatuz” dio nigarra begian. “Laborari hau hil dute” dio berriz arestiko sizialiarrak “Mezzogiorno-an bio egiten hasi zen lehena zen. Gure erantzuna : lurren okupatzea eta laborariaren sokorria”.

Vittoria-ko itsas udare (alberjinia) ekoizle batek hitza hartzen du. Auzoko saltegian ikusi zituen Espainiatik jinikako barazki berak, italianoak balira bezala ekarriak. Salatzen du. Ondorioz, bere banatzaileak ez dio gehiago fitsik manatzen. Salatu duenaren ordezkariak heldu zaizkio etxerat eta 150.000 euro proposatzen salaketaren ukatzearen truke. Ezetz. Delako mozkina aintzina saltzen segitzen dute. Berriz salatzen ditu. Orduan dira mehatxuak hasten, lehenik telefonoz eta gero bertzela. “Bainan ene burua mirailan behatzen ahal dut, aitak erakutsi daut errespetua zer den. Janariaren errespetua eta ene hurrengoaren errespetua”. Eskualde hartako laborari gehienek amore eman dute. Batek bere buruari su eman dio. 200.000 euro balioko etxeak 10.000 eurotan saltzen dira enkantean.

 

Azkenik, kontsumitzaile elkarte baten lehendakariak azpimarratu du ez duela terra futura-rik ikusten, baina lur erre bat.

Xehetasunentzat, www.altragricoltura.net webgunea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Laborantza
2024-03-18 | Garazi Zabaleta
Nekazariak eskolan
Eskola ezin bada baserrira igo, baserria jaitsiko da ikastetxera...

Hamar urte baino gehiago daramatza martxan Arabako Nekazariak Eskolan proiektuak, Hazi fundazioak zenbait ekoizlerekin elkarlanean bultzatzen duena. Haur eta gaztetxoak nekazal mundutik geroz eta deskonektatuago bizi diren garaiotan, inoiz baino beharrezkoagoa da elkar... [+]


Nafarroako nekazaritza-ekoizpen ekologikoak lurren %25 kudeatu nahiko lituzke 2030ean

Nafarroako sektore ekologikoa egonkor mantendu da azken urtean eta nekazaritza ekoizpena %5 handitu da. Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak erronka du 2030. urterako: lurren %25 ekologikoa izatea. "Bide horretan ari gara lanean, ahalik eta nekazari eta... [+]


Semilla y Belarra elkartea sortu dute Nafarroako O6 nekazarien mugimendutik

Aste honetan sortu da elkartea eta datorren astelehenean, hilaren 18an, laborarien sindikatuek Jose Mari Aierdi kontseilariarekin izango duten bileran egongo da.


2024-03-14 | Leire Artola Arin
EAEko nekazaritza lurren %5ak soilik dauka ziurtagiri ekologikoa

Gorantz egiten ari da nekazaritza ekologikoko eredua Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Ekolurra Kontseiluak baieztatu duenez, baina Europako Itun Berdeak 2030erako helburutzat duen %25etik urrun dago oraindik.


2024-03-11 | ARGIA
“Talka-neurriak” adostu ditu Eusko Jaurlaritzak nekazaritza sindikatuekin

Eusko Jaurlaritzak, sindikatuekin egindako bileran, hamar konpromiso hartu ditu. Bilera ontzat eman badute ere, hauteskundeak egitear direnez, denborarik eza azpimarratu dute sindikatuek. ENBAk adierazi du denbora gutxi dutela neurriak gauzatzeko, eta UAGAk nabarmendu du... [+]


Eguneraketa berriak daude