EAJ, EH Bildu eta PSE-EE bihar eratuko den Bakerako eta Bizikidetzarako lantaldean izango dira. PPk, berriz, gaur argitu duenez, ez du parte hartuko. Etorkizunean "erabilgarri" ikusten badu batuko da ponentziara. EAEko lau alderdi bozkatuenak bakegintzarako foro batean elkartzeko aukerak, beraz, itxaron egin beharko du.
UPyDk hasieratik azpimarratu du parte hartzeko asmorik ez duela. Gainontzeko alderdiek zailtasunak izan dituzte lantaldearen “oinarri etikoak” zehazteko.
PP sar zedin, EAJk eta PSE-EEk aurreko legealdian jaso zituzten printzipioak oinarri moduan ezarri dituzte, EH Bilduren iritzia kontuan hartu gabe. Akordio horrek dioenez, bakea “ETAren desagerpen behin betikoarekin” finkatuko da, eta etika eta giza errespetuen gainetik ezin da arrazoi politikorik jarri. Halaber, memoriari dagokionez, “terrorismoaren bidegabekeria aitortzea eta biktimen erreparazioa” azpimarratzen du.
Berriak EAJko Joseba Egibarrekin, EH Bilduko Julen Arzuagarekin eta PSE-EEko Jose Antonio Pastorrekin hitz egin du lantaldeari buruz.
Arzuagaren ustez, aurreko legealdian adostutako oinarri etikoa “inposatutakoa” da, eta memoriak ez luke interes edo helburu partzial bat izan behar, “balio bat baita bere horretan”. Pastorren ustez, berriz, printzipio horiek “ukaezinak” eta ezinbestekoak dira lanean hasteko.
Gatazkaren konponbidea foro honetan jorratzeak ere eman du zer esana. EH Bilduk ezinbestekotzat ikusten du, baina EAJk eta PSE-EEk bakegintzari eman nahi diote garrantzia. Egibarrek azpimarratu du horretarako beste lantalde bat osatuko dela Legebiltzarrean. Pastorrek, bestalde, “konpontzeko gatazkarik” ez dela azaldu du, “terrorismoak hondatutako bizikidetza” baizik.
Iraganean egindako itunei dagokienez, Egibarrek dio kontuan hartu behar direla, baina aldi berean nabarmendu du “berritzaileak” izan behar direla. Arzuagaren ustez, horiek izan behar dute oinarri, eta Pastorren arabera, berriz, iraganeko “itun baztertzaileak”, Lizarra-Garazi kasu, alboan utzi behar dira.