argia.eus
INPRIMATU
Bigarren flotilla ere legez kanpo geldiarazi du Israelek
  • Global Sumud Flotilla pasa den asteazken gauean bahitu zuen Israelgo armadak, eta bigarren flotilla bat abiatu zen Gazara, laguntza humanitarioa ematera eta blokeoa haustera. Freedom Flotilla and Thousand Madleens ontzidia ere bahitu dute, eta 140 ekintzaile atxilotu.

BeƱat Badiola Etxeberria 2025eko urriaren 08a
Ontzidiako itsasontzi bateko kamerak Israelgo soldaduak abordatzeko unea.

Freedom Flotilla and Thousand Madleens-ek zabaldu du 04:34ean Gaza Sunbirds, Alaaa Al-Najajr, Anas Al-Sharif itsasontziak nazioarteko uretan abordatu dituela Israelgo armadak, eta gainontzeko ontziak, Thousand Madleens eta Conscience itsasontzia, 07:45ean gelditu dituztela, Gazako kostatik 110 itsas milatara.

Israelgo Kanpo Harremanetako ministroak baieztatu duenezguztira 140 ekintzaile atxilotu dituzte. Ekintzaile guztiak Israelgo portuan "ongi eta salbu" daudela jakinarazi du, lehenbailehen deportatzeko asmoarekin. Azpimarratu behar da Global Sumud Flotillako ekintzaileek torturak eta tratu txarrak salatu dituztela atxiloaldia amaitutakoan. Ministro berak X sare sozialaren bitartez esan du  blokeoa "legezkoa" dela: "Legezko itsas blokeoa hautsi eta borroka eremu batean sartzeko beste alferrikako saiakera bat ezerezean geratu da".

Jakinarazi dutenez, atxilotuen artean medikuak, kazetariak eta diputatuak daude. Gainera, flotillak salatu du lapurtu egin dizkietela 110.000 dolarretan balioztatzen diren Gazako ospitalera zuzentzen ziren medikamendu, arnas ekipoa eta janaria.

"Israelek ez dauka nazioarteko boluntarioak atxilotzeko legezko aginpiderik", salatu du David Heap Kanadako Freedom Flotilla and Thousand Madleens komiteko buruak."Konfiskatze honek lotsagabeki urratzen du nazioartekoa eskubidea [...] Gure boluntarioak ez daude Israelgo jurisdikzioaren menpe eta ezin dira zigortu laguntza emateagatik edo blokeo ilegala inpugnatzeagatik. Atxiloketa arbitrarioa izan da, ilegala, eta berehala amaitu behar du”.

Aurreko flotillako 450 parte hartzaileetatik seik preso jarraitzen dute.