Datorren astelehenetik aurrera 2. fasera pasatzen diren Espainiako Estatuko erkidegoek ez dute ordutegirik izango, arrisku taldeek izan ezik. Hego Euskal Herria bigarren fasera igaroko dela baieztatu du ostiral eguerdian Salvador Illa osasun ministroak.
Horren arabera, herritarrek nahi dutenean atera ahal izango dira kalera edo kirola egitera, salbu eta 70 urtetik gorakoen ordutegian, hau da, 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20.00etara.
Lehen fasean sartu eta terrazak lanean hasi zirenetik ordutegiak irekiak izan dira horietara joateko, baina ez kirola egiteko, esate batera. Ostegun arratsaldean Fernando Simón Espainiako Osasun Larrialdien Koordinazio Zentroko zuzendariak emandako berria da eta Salvador Illak ere halaxe esan du Espainiako Kongresuan.
Ordutegi berriak finkatzea, erkidego eta udalen esku geratuko da. Bigarren fasean tabernen barneko aforoak ere zehaztuko dira eta Illak jakinarazi duenez, agian %50eko okupaziora ere iritsi liteke arau berria. Erabakiok ostiral arratsaldean iragarriko ditu Espainiako Gobernuak.