argia.eus
INPRIMATU
Bigarren egunez, martxan jarraitu du karabana feministak
  • Emakumeen Mundu Martxak bigarren eguna egin du Euskal Herrian barrena. Atzo Nafarroatik Lapurdirako saltoa eman zuen eta gaur Gipuzkoan sartuko da.

Garazi Zabaleta 2015eko irailaren 30
Leitzan emakume baserritar batek egin zuen bertako hazien ekarpena (argazkia: Topatu.info)

Astearte goizean Iruñetik Sakanarako bidea hartu zuten martxako furgonetek, eta Altsasun egin zuten geldialdia 10:30ean. Ongi etorri beroa eman zieten altsasuarrek martxako kideei. Ekitaldian margolana egin zuen artista batek eta bi emakumek txalaparta jo zuten. Martxak alde egin aurretik, hamaiketakoa izan zuten indarrak berritzeko.

Eguerdian, Altsasutik Leitzara mugitu zen karabana feminista. Emakume baserritar batek egin zuen bertako hazien ekarpena, eta eskolako trikitilariek eta txistulariek lagunduta landaketa egin zuten herriko erdiguneko parke batean. Ondoren, bazkaria izan zuten Torrea herriko tabernan.

Elizondora arratsaldean iritsi zen karabana. Zuzeneko musika, bertsoak, txalaparta eta antzerkia izan zituzten han, eta martxaren iritsiera aprobetxatu zuten gogorarazteko  Baztanen urteak daramatzatela “festak normaltasunik gabe bizitzen, mutil-dantzak direla eta”. Baztanetik Hazparnerako bidean, Zugarramurdin geldialdi inprobisatua egin zuten martxako kideek, hurbildutako herritarrekin argazkia ateratzeko.

Bigarren gaua Hazparnen pasa zuen martxak. Lehenago, ordea,  ekitaldia, zuhaitz landaketa, afaria eta Emabide dokumentalaren proiekzioa izan zituzten.

Gaur, irailak 30, Gipuzkoan sartuko da martxa

Hirugarren egunez martxan jarraituko du Kurdistanetik datorren karabana feministak gaur. Goizean Baionan eginen dute geldialdia, eta handik Gipuzkoara sartuko da: Hondarribiatik pasako da lehenik, eta gaua Donostian eginen du.

Egitarau osoa eskuragarri dago Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren webgunean.