argia.eus
INPRIMATU
Bideobigilantzia ala askatasun politikoen defentsa Eunaten
  • Datorren martxoaren 21erako baterajotze nazionala deitu du Iruñerriko Autodefentsa Sareak. Euskal Herrian zabaltzen hasia da manifestaziora bertaratzeko deia, eta horrekin batera, Eunate ikastetxetik zein hezigune guztietatik bideobigilantzia kamerak kentzeko beharra. Ikasturte hasieran jarri zituzten kamerak Eunaten, bertako ikasleen, gurasoen eta langileen oniritzi gabe. Gainera, Ikasle Mugimenduak salatu duenez, ikasleen askatasun politikoen –jardun politikoa normaltasunez garatzeko baldintzen– aurkako eraso anitzak errepikatzen ari dira. Horren adibide dira bilerak egiteko oztopoak, ikasleen kontrako jarraipenak eta salaketak, baita ikasleen greba eskubidearen ukapena ere.

Ikasle Abertzaleak @IAbertzaleak 2019ko martxoaren 18a

Ikasturte hasieran bertan ekin zioten ikasleek kamerak kentzeko bideari. Hori burutzeko eskaeren aurrean zuzendaritzak ikasleen aldarriei bidea itxi die behin eta berriz. Otsailaren 28an, Iruñerriako ehunka ikaslek egindako mobilizazioaren bidez, zuzendaritzari elkarrizketarako deialdia egin zioten beste behin, kamerak kentzeko eskaerarekin batera ikasleak sufritzen ari diren eraso larriak deusezta zitzan galdeginez –jarraipenak, salaketak zein greba egiteko eta biltzeko eskubideen urraketa–. Zuzendaritzaren erantzuna argia izan zen: ikasleen elkarrizketarako eskaerari muzin egin eta polizia bidali zuen. Kameren ezarpenarekin nahikoa ez eta beste behin errepresioari bide eman zion zuzendaritzak.

Egoeraren larritasuna ikusita, beharrezkoa zaigu arazoaren errora jotzea: Eunate ikastetxean kamerak jarri izana. Ikastetxeko ikasle zein langileen gaineko kontrol iraunkorra ezartzeak salaketa garbia behar du. Ikastetxean burutzen den jardun politikoa errepresio pean aurkitzen da etengabe, eta honek oinarrizko eskubide politikoen urraketa suposatzen du. Ikasleon infantilizazioa eta despolitizazioa dakar neurri honek, ikasleen jarduna ikasketa erritmo geroz eta gogorrago batzuetan asimilatzearekin batera.

Eunaten kamerak ezartzearen erruduna Ikastetxeko zuzendaritza da. Neurri despotiko honi amaiera emateko ardura eurena da beraz. Era berean, Nafarroako ikastetxe ezberdinetan kamerak ezartzean inplikatuta dagoen hezkuntza sailak ere bitartekoak jarri behar ditu egoera honi amaiera emateko. Aipatzea dagokigu ere, ikastetxeetatik kamerak kentzearen alde eta ikasleen defentsan antolatzen diren agente politikoak kriminalizatuz, kamerak mantentzea elikatzen dela. Institutuetatik kamerak kendu daitezen inplikatutako agenteek eseri beharra daukate. Hori da ikasleen Iruñerriko Autodefentsa Sareak proposatzen duena eta gure egiten duguna.

Guri dagokigunez, Ikasle Abertzaleak ikasleen funtzio sindikala betetzen duen antolakunde nazionala da. Ikasleen bizi zein ikas baldintzak hobetzeko lan aktiboa burutzen dugu. Horregatik, ikasleen autonomia eta iniziatiba politiko propioa garatzeko helburua duten dinamiketan gure indar guztia jarriko dugu. Baita ere, hauen askatasun politikoen defentsan. Aurrez esan bezala, Eunateren kasuan gure hautua zuzendaritza ikasleekin mahai baten inguruan esertzea da.

Izan ere, auzi honetan bide gurutze bakarra kamerak mantendu edo kentzea da. Heziguneak bideobigilantzia zentro bihurtu edo ikasle eta langileen askatasun politikoen defentsa egin. Auzia bestelako elementu batzuetan enfokatzeak konponbidea oztopatzen du.

Kamerak kentzearen aldeko eta ikasle eta langileen defentsaren hautua egin dugunak, ostegunean Iruñean elkartuko gara.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbidera