argia.eus
INPRIMATU
[Bideoa] Zezenketen kontrako ekintzaileei eraso diete Kataluniako herri batean
  • Joan den ostiralean Tarragonako probintzian (Herrialde Katalanak) dagoen Mas de Barberans herrian jasandako erasoa salatu dute Anima Naturalis elkarteko kideek. Bideo batek erakusten duenez, correbou bat grabatzen ari ziren ekintzaileek kolpeak jasan zituzten eta kamera hautsi zieten.

ARGIA @argia 2016ko maiatzaren 02a

Bideoan ikusten denez, animalien eskubideen aldeko ekintzaileen kontra egiten dute hainbat pertsonak, inguruan dauden zenbaiten txalo artean. Bultzaka eta kolpeka, zezenketa grabatzeko erabiltzen ari ziren tresneria kentzen diete eta argi ikusten da nola puskatzen duten kameretako bat lurrera jaurtiz.

Gertakariei buruzko txostena astelehenean aurkeztu dute Ampostako auzitegian Esquadra Mossoek. Erasoa jasan zuten pertsonen salaketa medio, larunbatean bertan hiru pertsona atxilotu zituzten, denak familia berekoak. Aske geratu dira, epailearen deiaren zain.