argia.eus
INPRIMATU
BIDEOA | Ertzain baten mehatxua: “Ezin duzu lanera bizikletan joan, erabili garraio publikoa”
  • Bilbon grabatutako bideo bat asko biralizatu da asteartean. Lanera bizikletan doala dioen pertsona Ertzaintzaren patruila batek nola geratzen duen  ikus daiteke bertan. Nora doan galdetu ostean, lanera doala erantzuten die txirrindulariak, eta ertzainak esaten dio hurrengo egunean berriro ikusten badu bizikletan lanera joaten, isuna jarriko diola eta joan dadila garraio publikoan. Txirrindulariak grabatutako bideoan dokumentatuta geratu da eztabaida.

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 24a
Txirrindulariak kamera batekin grabatu du eztabaida.

Facebook eta Twitter bidez milaka lagunek ikusi dute ordu gutxian Bilbon Etxebarri auzora lanera doala dioen langilearen eta Ertzaintzako patruila baten arteko eztabaida. "Ezin duzu bizikletan joan, garraio publikoa erabili behar duzu", egiten dio errieta ertzainak herritarrari. Bideoa grabatu duen pertsonak, haserre tonuan erantzuten dio bizikleta seguruagoa dela gaitza ez kutsatzeko garraio publikoa baino.

Bi minutu eta 20 segundoko bideoan esaldi gordinak botatzen ditu aurpegirik ikusten ez zaion agenteak: "Nik dagoena esaten dizut, bihar hemendik bizikletan ikusten bazaitut, zigortu egingo zaitut". Herritarrak galdetzen dio ea oinez joan daitekeen lanera, edo iker dezatela nola ari diren lanean Seur banatzaileen enpresan. "Ez eztabaidatu nik esandakoa!" erantzuten dio agenteak.