Donostian egindako agerraldian ezker abertzaleko kideak “anbizio historikorik” ez izatea egotzi die alderdi politikoei. Anoetako proposamena berresteaz gain, prozesuak ez duela “alternatibarik” esan du Otegik eta Espainiako Gobernuari Tony Blairrek Irlandan egindakoa aintzat hartzeko eskatu dio.
Gaur arratsaldean Donostian eskainitako prentsaurrekoan ETAren su-etenari buruzko iritzia eman du Arnaldo Otegik. Marije Fullaondo eta Pernando Barrenak lagunduta hitz egin du Batasunako ordezkariak. Otegik azaldu du su-etena haustearen ardura ETArena dela: “baina garbi utzi nahi dugu prozesu demokratikoaren blokeoa eta kolapsoa Espainiar Gobernua eta Eusko Alderdi Jeltzalearen ardura dela”, esan du ezker abertzaleko kideak. Bestetik, “su-etenak eta ekintza armatuak” prozesuaren parte direla azpimarratu du Otegik “baina ez dira prozesua bera”. Gaur egungo egoera zergatik sortu den azaltzeko hiru arrazoi nagusi eman ditu: Batetik, Espainiako Gobernua, alderdi politiko eta komunikabideen aldetik ez da egon inongo “anbizio historikorik” prozesua aurrera eramateko bere iritziz; bestetik agenda politikorik ez izatea leporatu dio Gobernuari, Irlandako eredua ere aipatu du eta Tony Blairrek egindakoa aintzat hartzeko; bukatzeko, berdintasunik gabeko egoera batean egotea salatu du Arnaldo Otegik “bi adibide jarriko ditut: pasa berri diren hauteskundeena bat eta duela hamalau hilabete inork pentsatuko ez lukeena bestea, oraindik ilegal izaten jarraitzea”.
“Desesperantzan ez erori”
Otegiren ustez “prozesu tekniko bat bultzatu nahi izan da eta mamira heltzean esan digute Euskal Herriak ez duela erabakitzeko eskubiderik”. Hala ere Batasunako eledunak adierazi du prozesuak ez duela “alternatibarik” eta gaur egun oraindik posible dela gauzatzea. Herritarren “sentimendu kontrajarriak” ulertzen dituela azaldu du baina dei egin du “ez desesperantzan erortzeko”. Amaitzeko, Anoetako proposamena berresteaz gain, prozesu demokratikoaren alde lanean jarraitzeko asmoa agertu dute Donostiako agerraldian.