Hasieran adierazitakoa baino handiagoa izango da zaintza bereziko perimetroa Biarritzen, G7ak abuztuaren 23tik 26ra Biarritzen egingo duen goi-bileran. Hala jakinarazi du Pirinio Atlantikoetako prefetak asteartean publiko egin duen oharrean.
Estatuburuak elkartuko diren guneak eta ingurukoak sartu dituzte perimetro gorrian. Hasieran jakinarazi zutenez, Angeluko golf eremua perimetro horren barnean sartuta zegoen, baina prefetaren azken oharraren arabera, ez da hala izango. Gainontzean, ordea, segurtasun-eremua handitzea erabaki dute, akuarioraino iritsiz –hasieran ekialderago jarri zuten eremu gorriaren muga, hondartzaren bukaeratik gertu–.
France Bleu irratiak argitaratutako bi mapa hauetan ikus daiteke polizia-kontrola estuagoa izango den eremua nola hedatu den.
Gorriz markatutako eremuan ezin izango dute sartu bertakoak ez diren pertsonak, estatuen delegazio ofizialetakoak ez badira. Automobilen zirkulazioa ere eten egingo dute perimetro horren barruan eta ezin izango da ibilgailurik aparkatu, ez kalean, ezta aparkalekuetan ere.