Zaintza lanen Behatokiaren bidez, Hego Euskal Herriko zaintzaileen profila aztertu dute Cinfa Laborategiek. Familien testuinguruan jarri dute arreta.
Zaintza lanen erradiografia bat egiteko asmoz, Zaintza lanen Behatokia sortu dute Cinfa Laborategiek. Beste lurralde batzuen artean, Hego Euskal Herriko familien zaintza sistema aztertu, eta ikerketa batean jaso du Cinfak. Horretarako, Espainiako geriatria eta gerontologia elkartearen babesa izan du. Ikerketaren arabera, zaintzaileen %51,1 haurren eta gutxienez senide zahar baten zaintzaz arduratzen da aldi berean. Horrez gain, hamarretik zortzik zaintza lanak eta euren ogibideak uztartzen dituzte, eta batez beste, astean 20,6 ordu eskaintzen dizkiote zaintza lanei. Gehiengoa, %62,4, emakumeak dira.
Lau helburu nagusi ditu ikerketak: zaintza lanen eta zaintzaileen errealitatearen inguruko jakintza sustatzea; zaintza lanek familietan duten eragina ikusaraztea; zaintzaileen errealitateen inguruko gogoeta sozialak sustatzea, zaintzaileen egoerak hobetzeko; eta zaintza lanekin konprometitutako erakunde eta entitateen parte-hartzea eta lankidetza erraztea.
Zenbait aldagai aztertu dituzte: zaindu behar izatearen arrazoiak, zaintza lanen banaketa, eta zaintzaileen esperientzia, kezkak eta ikaspenak. Zergatiei dagokienez, ondorioztatu dute zahartzea, bakardadea eta gaixotasun neurodegeneratiboak direla arrazoi nagusiak. Zaintza lanen artean, zaintza emozionala nagusitzen da; hau da, konpainia eta laguntza emozionala eskaintzea. Horren atzetik, medikuarenera laguntzea eta bestelako kudeaketekin laguntzea egongo litzateke.
Zaintza emozionala nagusitzen da; hau da, konpainia eta laguntza emozionala eskaintzea
Senide zaharren zaintzaren banaketen kasuan, hamarretik zortzik beste pertsona batzuekin partekatzen dute ardura; ia %60k neba-arrebekin. Horrez gain, bikotekide eta beste senide batzuen laguntza izaten dute. Adibidez, ikerketan parte hartu dutenen ia %20k seme-alaben laguntza dauka. Oso gutxi dira zaintzarako dirulaguntzak jasotzen dituztenak.
Onurak eta kezkak
Senideek zaintza nola bizi duten ere aztertu dute, eta datuen arabera, erdiak baino gehiagok sentitzen du maitasuna adierazteko modu bat eta hautu pertsonal bat dela. Halere, %42k sentitzen du betebehar bat dela. Gainera, erdia baino gehiago lasaiago sentitzen da uste duelako eurek zainduta “hobeto” daudela. Kopuru bera akituta sentitzen da. Polarizatutako emozio asko sortzen ditu zaintzaile izateak. Alde batetik, poztasuna elkarrekin denbora partekatzeagatik, lasaitasuna eta maitasuna. Bestetik, babes falta, bakardadea, zama eta errua. Kezka asko ere eragiten ditu zaintzaileengan; adibidez, nork zainduko duen senidea egunen batean ezin badute, eta familiako beste kideei, zaintzailearen osasunari edota bizitza profesionalari eragitea.
Polarizatutako emozio asko sortzen ditu zaintzaile izateak. Poztasuna, lasaitasuna eta maitasuna. Baina baita babes falta, bakardadea, zama eta errua ere
Ikasketa asko ere nabarmendu dituzte; esate baterako, gehiengoak sentitzen du euren senidearekin duten harremana indartu dela. Horrez gain, pazientzia eta enpatia bezalako gaitasunak gehiago garatu dituztela diote. Hamar zaintzailetik zortzik dio senidea zaintzeak aldatu egin diela bizitza ikusteko modua. Adibidez, adierazten dute orain denbora eta gauza txikiak gehiago baloratzen dituztela.