argia.eus
INPRIMATU
Bi urteko kartzela zigorra eskatzen diote youtuber bati GRAPOko kide ohiak elkarrizketatzeagatik
  • Bi urteko espetxealdia eta 2.000 euroko isuna eskatzen ditu Espainiako Fiskaltzak Alex Garcia 23 urteko youtuberrarentzat. Joan den uztailean deklaratu zuen Auzitegi Nazionalean, terrorismoa goraipatzea leporatzen diote.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2017ko azaroaren 22a
Youtubeko bideo baten egoera salatu du

“Ez nau harritu. Txio batengatik auzipetu ahal bazaituzte, zer esanik ez kamera baten aurrean egia esaten duen pertsona bat jartzen baduzu”, dio Garciak jaso berri duen eskaeraz.

Resistencia Films Youtubeko kanalean, besteak beste, etxegabetzeen, murrizketa sozialen eta adierazpen askatasunaren aldeko manifestazioko bideoak jartzen ditu.

Publico.es atarian egin diote elkarrizketa eta bere kasua kontatzeaz gain, adierazpen askatasuna mugatzen ari direla nabarmendu du. Azken urteetan zuzenean jendearen “bila” doazela dio: “Jende mediatikoaz gain, ezagunak ez garenok ere zigortu nahi gaituzte”. Garciaren ustetan, iritzi publikoa isiltzen ari dira.

“Errepresioak bi alde ditu: batzuei beldurra sartzen zaie, eta manifestazioetara joateari uzten diote. Beste batzuk, aldiz, beldurrak ez ditu geldiarazten eta gehiago mugitzeko beharra sentitzen dute. Bi alde oso ezberdin dira”, esan du Garciak errepresioaz galdetu diotenean.

Bera bigarren multzoan dagoela nabarmendu du eta isilarazi nahi dituzten arren, jada “kontrolaezinak” direla dio.