Gaur bi urte bete dira estatu sionistak Palestinako herriaren aurka martxan zuen genozidioa bizkortzen hasi zenetik. Bi urte, non haurrak, eskolak, ospitaleak eta ametsak bonben jomugan egon diren, munduaren isiltasunak krimen horiek estali dituen bitartean.
100 urte pasatxo dira sionismoa Palestinako lurrak okupatzen hasi zenetik. Nakba ez zen une historiko bat izan, etengabeko prozesu kolonial baten abiapuntua baizik. Ordutik, Israelek politika kolonial sistematikoa ezarri du: palestinarren herriak suntsitu, lurrak okupatu eta ur, osasun zein hezkuntza zerbitzuak blokeatu. Hori guztia AEBen babes ekonomiko, militar eta diplomatikoarekin batera eta Europaren konplizitatearekin.
Azken bi urte hauetan, milaka dira eraildako haurrak, zaurituak izan direnak edo familia barik geratu direnak ere. Haurren aurkako genozidio sistematiko baten aurrean gaude. Horren ageriko hurrengo datuak: Gazan, 5 urtetik beherako 320.000 haurrek desnutrizioa pairatzeko arriskua dute; dagoeneko 131 haur hil dira gosetearen ondorioz. Ikastetxeen %76 zuzenean eraso dituzte eta azpiegitura ia guztiak suntsituta daude.
Haur horiek, gure haurrek, ez dute haurtzaroa ezagutzen. Ez dute jolaserako lekurik, ez segurtasunik, ez etorkizunik. Haien zauri fisiko eta emozionalak gizateriaren porrotaren aztarna dira, eta min hori gure sentitzen dugu.
Askok gerra deitzen duten arren, hau ez da “bi aldetako gatazka bat”: hau genozidio bat da, eta haren xedea garbia da –palestinarrak beren lurraldetik kanporatzea edo desagerraraztea–.
Ez dago bakerik justiziarik gabe. Ez dago bakerik haurrak hiltzen dituztenen artean. Ez dago bakerik okupazioaren gainean eraikitzen denean. Ez dago bakerik deskolonizaziorik gabe
Eta, bitartean, Donald Trump “bakearen” izenean beren burua zuritu nahian dabil. Baina ezin dugu ahaztu: bakea ezin du proposatu genozidioa armatzen eta finantzatzen duen estatuak. AEBek, Israelen aliatu nagusiak, kolonizazioaren arkitekto eta babesle izaten jarraitzen dute, eta bake faltsu horren atzean dagoena ez da bakea, sumisioa, okupazioa eta apartheida baizik.
Ez dago bakerik justiziarik gabe. Ez dago bakerik haurrak hiltzen dituztenen artean. Ez dago bakerik okupazioaren gainean eraikitzen denean. Ez dago bakerik deskolonizaziorik gabe.
Euskal Herriak ezin du isilik geratu, ezta konplize izan ere.
Horregatik, berriz diogu:
• Haurrak ez daitezela sekula gerra-helburu izan, eta haien bizitza, osasuna eta hezkuntza babesteko neurri eraginkorrak har daitezela.
• Justizia eta ikerketa independenteak giza eskubideen urraketen aurrean: haurren hilketa eta mutilazioak, eskolen eta ospitaleen aurkako erasoak, eta desplazamendu behartuak.
• Su-eten iraunkorra Gazan. Genozidioaren eta Israelen kolonizazioaren amaiera Palestinan.
• Laguntza humanitarioaren sarbidea bermatzea, haurrek elikadura, ura eta oinarrizko hezkuntza jasotzeko aukera izan dezaten.
• Israeleko estatu sionistarekin harreman instituzional eta ekonomiko guztiak etetea, haren jarduerak zilegitasunik ez duelako eta nazioarteko zuzenbidea urratzen duelako.
• Palestinako herriaren autodeterminazio eskubidea aitortzea, euren lurraldean bizitzeko eta etorkizuna eraikitzeko eskubide legitimoa bermatzeko, deskolonizatu gabeko lurraldea den heinean.
• Euskal Herritik, hezkuntzari eta haurrei lotutako erakunde eta komunitateok gure konpromisoa berretsi nahi dugu: haur palestinarrak ere gure haurrak direla aldarrikatzen dugu.
Bestetik, urriaren 15eko greba deialdiarekin bat egiten dugu eta euskal gizartea kaleak hartzera deitzen dugu. Era berean, urriaren 25ean, Bilboko kaleak elkartasunez beteko ditugu, Israelek eraildako milaka haur palestinarrak gogoratzeko eta munduari gure oihua helarazteko.
Mobilizazioaren aurreko ostegunean eskola bakoitzean bildutako zapatak ateratzera animatu nahi zaituztegu, haur palestinarren omenez. Urriaren 25ean Bilbora zoaztenak zuekin pare bana eraman, manifestazio amaieran elkartasun argazkia ateratzeko.
Zapata pare bakoitzak bizitza bat adierazten du; amets bat, irribarre bat, bonba batek eten zuen istorio bat. Eta zapata bakoitza isiltasunaren aurkako salaketa bihurtuko dugu. Tristura, amorrua eta inpotentzia nahasten zaizkigu, baina ez dugu etsiko. Haien mina gurea delako. Haien askatasuna gure borrokaren parte delako.
Euskal Herria Palestinarekin!
Gora herrien arteko elkartasuna!
Palestina askatu!
Gure haurrak ere badira!
Markel Elortza, Gure haurrak ere badira-ko kidea