Urologoarenera joateko bizitako zailtasunak kontu ditu Iñigok; jarrera bifoboak, trabak eta itxaron zerrenda luzeak pairatu dituela salatu du, besteak beste.
“Egun on! Osasun etxera deitu duzu. Zer behar duzu?”, esan du telefonoaren beste aldean dagoen Osasun Etxeko langileak. “Urologoarenera joateko ordua eskatu nahi dut mina dudalako eta basektomia egin nahi dudalako”, azaldu du zentrora deitu duenak. “Deitu esanen dizudan telefonora, eta urologoak emanen dizu ordua”, erantzun du langileak. Pazienteak behin eta berriz deitu du, baina ez du inork hartu. Iñigo du izena, baina ez du abizena esan nahi inguruko askok ez dakitelako bizitakoa.
Urologoarenera joateko bizitako zailtasunak kontatu ditu Iñigok: “Gogorra izan zen min handia nuelako, batez ere txiza egitean, eta kezkatuta nengoelako”. Askotan deitu ostean, duela urte eta erdi inguru, urologoarenenera joateko ordua lortu zuen Iruñean. “Deitu nuenetik medikuak ikusi arte bost egun pasa ziren; desesperatuta nengoen”, kontatu du. Gaineratu du hasieran “pixka bat” galduta zegoela ez zekielako ongi nora deitu behar zuen: “Inguruan galdetu nuen, eta jende gutxik zekien zein zen jarraitu beharreko prozesua”.
Urologoak artatu zuenean zenbait galdera eta SBI sexu bidezko infekziorik zuen jakiteko probak egin zizkion: “Esan zidan arazorik izatekotan telefonoz deituko zidala, eta bestela gutun bat jasoko nuela”. Iñigoren ustez, arreta “oso ona” izan zen: “Sentitu nuen, beste medikuek ez bezala, ez ninduela epaitzen”. Emaitzak jakin bezain pronto kontsultara joateko eskatu zion, eta SBI bat zuela esan zion: “Lasai egoteko esan zidan. Oso jatorra izan zen, mimo handiz azaltzen zizkidan gauzak eta sentitzen nuen niregatik kezkatuta zegoela”. Ostean, hartu beharreko botika zein zen azaldu zion.
Ez zaio askotan tokatu urologoarenera joan behar izatea, baina gehienetan, esperientzia “txarra” izan da Iñigorentzat. Medikuek “askotan” jarrera bifoboak dituztela salatu du: “Bisexuala naizenez ondorioztatzen dute jende askorekin ibiltzen naizela eta ez dudala babes neurririk hartzen. Ez da nire kasu, baina horrela izanda ere, ez lukete epaitu behar”.
Basektomia egiteko trabak
Sexu bidezko infekziorik zuen jakiteko probak egiteaz gain, basektomia egin nahi duela esan zion urologoari. Iñigok ez du adin zehatza esan nahi, baina hogeita hamar urte baino gutxiago ditu: “Hasieran harritu egin zen esaten zuelako gazteegia nintzela erabaki hori hartzeko, baina azalpen askoren ostean uste dut ulertu zuela. Hala ere, lehenago hezitzailearekin hitz egin behar nuela esan zidan”.
Iñigok argi du ez duela seme-alabarik nahi, baina hezitzailearekin mintzatu zenean “gutxietsita” sentitu zela kontatu du: “Garrantzia kentzen zien nire argudioei, esaten zidan etorkizunean damutuko naizela eta basektomia ez egiteko konbentzitzen saiatzen zen”. Ordutik, basektomia egiteko itxaron zerrendan dago; medikuak esan zion bi urte inguruko itxaron zerrenda dagoela.