Asteazkenean bi polizia hilik azaldu dira Ceylanpinar-en (Turkiako hegoekialdean). Kurdistaneko Langileen Alderdiak (PKK) bere gain hartu du ekintza.
Atentatuak tentsioa areagotu du Turkiako Gobernuaren eta PKKren artean. PKK-k esan du agenteak Estatu Islamikoaren (ISIL) kolaboratzaileak zirela eta astelehenean Surucen (Turkiaren menpe dagoen Kurdistanen) jazo zen atentatuari erantzuna zela.
Nahiz eta PKKren iritziz, asteleheneko atentatuaren erantzunkizuna talde yihadistena den, kurduek Recep Tayyip Erdogani (Turkiako Presidentea) neurririk ez hartzea leporatzen diote. Erdoganek eta bere Alderdiak (AKP, Justizia eta Garapenaren Alderdia) Estatu Islamikoa laguntzen dutela ere kritikatu dute PKK-ko kideek.
Hasiera batean atentatuaren nondik norakoen inguruko zalantzak bazeuden ere, ADN frogen ondorioz, poliziak Suruceko hilketen egilea identifikatu duela esan du. Ustez hogei urteko gazteak bere ikasketak utzi zituen Estatu Islamikora batzeko.
Mobilizazioak Istanbulen
Astelehenean mobilizazio jendetsuak izan ziren Istanbulen (Turkiako hiriburuan) asteleheneko atentatua gaitzesteko. Protestetan Erdoganen aurkako oihuak entzun ziren, Estatu Islamikoari laguntza ematea leporatzen baitiote. Istilu larriak gertatu ziren polizia eta manifestarien aurka bideo honetan ikus daitekeenez.
Euskal Herrian ere protestak
Bilbon ere mobilizazioak iragarri dituzte uztailaren 24rako. “Kurdistanekin elkartasuna” lemapean protesta 19:30ean hasiko da Bilboko Arriaga Plazatik.