Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, hainbat pertsonen arteko borroka bat zela eta bertaratu dira larunbat gauean ertzainak Ordiziara (Gipuzkoa), eta liskarrak izan dira. Bi ertzain ospitaleratu dituzte: bat lepauztaia apurtuta eta masailean ukabilkada bat jasota; bestea ukalondoa lekuz kanpo edukita. Bi pertsona atxilotu dituzte, eta "agenteen aurkako atentatua eta lesioak eragitea" leporatzen diete Adur Ezenarro Ordiziako alkateak Bozeramaileen Batzordea deitu du, eta "informazio biltzen" ari direla jakinarazi du.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak igandean ohar batean jakinarazi duenez, Ertzaintzak igandean goizaldeko 00:18 inguruan jaso du hainbat lagunen arteko borroka baten ohartarazpena. Ertzainak lekura iristean, ordea, hiru gizonek alde egin dute, eta lekuan zeuden hainbat pertsona euren lana "oztopatzen" hasi direla salatu du Segurtasun Sailak. Pertsona bat unean bertan atxilotu dute, eta istiluarekin zerikusia izan dezakeen beste pertsona bat atxilotu dute astelehen goizean.
Liskarraren ondorioz zauritutako ertzainetako bat dagoeneko etxera bidali dute; beste batek, berriz, Gurutzetako erietxean jarraitzen du, ebakuntzaren zain. Istiluan bertan atxilotutako gizonak "aurrekari polizial ugari" dituela adierazi du Segurtasun Sailak, eta Ricardo Ituarte Segurtasun sailburuordea eta Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendaria Gurutzetako erietxean izan dira, zauritutako ertzainari babesa adierazteko: "Erasoa oso larria eta onartezina da", adierazi du Ituartek.
ELA sindikatuak, gutun batean, Bingen Zupiria Segurtasun sailburuari eskatu dio dei dezala Ertzaintzako Segurtasun eta Lan Osasuneko Batzordearen bilera, eta bilera horretan neurriak har ditzala Ordiziako gertakariak berriz ez gertatzeko. Euspel Ertzaintzaren sindikatuetako batek, berriz, adierazi du ertzainek "ezinbestekoa" dutela taser pistola "euren burua defendatzeko", eta neurri hori "berehala" hartzeko exijitu dio Eusko Jaurlaritzari.
Ordiziako alkateak larrialdizko Bozeramaileen Batzordea deitu du
Adur Ezenarro Ordiziako alkateak (EH Bildu), hedabideei helarazitako ohar batean, gertakaria "onartezina" dela adierazi du: "Horrelako jarrerek ez dute lekurik Ordizian. Liskarretan ordiziar batzuk ere erasotuak izan ziren, eta horien inguruko informazioa biltzen ari gara, gure babesa eta ardura azaltzeko". Gainera, "gaia lantzeko", astelehen arratsalderako Bozeramaileen Batzordea deitu du.