34 hildako eta ehundik gora zauritu izan dira Bruselako atentatuetan

Zuzeneko jarraipena
  • Astearte goizean bi leherketa izan dira Bruselako Zaventem aireportuan eta beste bat hiriko metroaren Maelbeek geltokian. Belgikako agintarien arabera, aireportukoa suizida batek eragindakoa litzateke.

Aireportuan eta metroan izandako erasoek larrialdi egoeran jarri dute Brusela.
Erasoaren ustezko hiru erantzule identifikatu dituzte

Poliziak aireportuko erasoaren ustezko hiru erantzule identifikatu ditu, aireportuko segurtasun kamerei esker; horien argazkia hedatu du. Ezkerreko biak hilda leudeke eta eskuinekoak ihes egin duenaren susmoa du Poliziak. 

 

Bi polizia operazio martxan

Bi polizia operazio abiatu dituzte Bruselaren aurkako erasoarekin lotuta. Horietako bat Marie-Louise Plazaren inguruan abiarazi dute, Maelbeek metro geltokiaren ondoan; bestea, Schaerbeek geltokiaren inguruan. Operazioek lekuko baten testigantza dute oinarri: leherketa gertatu den unean, pertsona batek Mini-Cooper auto bat ikusi du Marie-Louise Plazaren inguruan, giltza jarrita eta motorra martxan zuela. Poliziak segurtasun perimetroa ezarri du inguru horretan.

 

Hirugarren lehergailu bat indargabetu dute aireportuan

Belgikako Gobernuak jakinarazi duenez, Zaventemeko aireportuan eztanda egin ez duen hirugarren lehergailu bat indargabetu dute polizi indarrek.

Estatu Islamikoak bere gain hartu ditu atentatuak

Estatu Islamikoak bere gain hartu ditu Bruselako atentatuak, erakundeari lotutako Amaq albiste agentziak jakinarazi duenez. Albistean esaten denez, "Estatu Islamikoaren gerlariek hainbat eraso egin dituzte lehergailu-gerrikoekin". Argi adierazten da helburuak aireportua eta erdiguneko metro geltoki bat zirela. "Haien lehergailu-gerrikoak eztandarazi aurretik, borrokalariek tiro egin zuten. Beste martir batek bere lehergailu-gerrikoa eztandarazi zuen Maelbeekeko metro geltokian. Erasoek 230 pertsona zauritu edo hil dituzte".

26 hildako eta 100 zauritutik gora baieztatu dituzte

Maggie De Block osasun sailburuak hildakoen eta zaurituen behin behineko balantzea eskaini du. Baieztatu duenez, 26 hildako eragin dituzte goizeko leherketek: aireportuan 11 pertsona zendu dira, eta Maalbeek metro geltokian 15. Erasoak 100 zauritu baino gehiago eragin ditu, gehienak aireportuan (81); metroan, 55 pertsona zauritu dira, eta egoera kritikoan daude horietako 10.

 

Agintarien erreakzioak

Belgikako lehen ministro Charles Michelek hitzartea eskaini du Bruselaren aurkako erasoaren ostean. Segurtasun neurri bereziak iragarri ditu. Kalean, presentzia militarrak gora egingo duela adierazi du. Garraio publikoen frekuentzia murrizteko eta herrialdeko mugetan segurtasuna areagotzeko erabakiak ere jakinarazi ditu.

Bere aldetik, erasoaren erantzuleei "merezi duten zigorra" emateko prest azaldu da Vladimir Putin Errusiako presidentea; "nazioarteko elkarlan sendorako" dei egin du horretarako.

Alerta maila gorena ezarri dute

Etxetik ez irteteko eskatu diete herritarrei, eta metro, tren eta autobus zerbitzuak eten dituzte, besteak beste. Bruselako aireportua ere itxi dute, hegaldiak bertan behera utziz: aireportuan lurreratu behar zuten zenbait hegazkin desbideratu dituzte. Belgika eta Frantziaren arteko muga ere itxi dute.

Segurtasun neurriak zorroztea erabaki dute Europar Batasuneko beste zenbait herrialdek ere.

13 hildako eta 30 zauritu, gutxienez

Hildakoen eta zaurituen kopuruak gorantz doaz. RTBF telebista kate publikoak azaldu duenez, gutxienez 13 pertsona hil dira aireportuko leherketetan; 30 pertsona larriki zauritu dira. Metro geltokietako erasoetan hildakoak 10 lirateke eta kopuruak gora egin dezake. Metroko eztandan zaurituak kalean artatzen ari dira.

Beste lehergailu bat aurkitu dute aireportuko aireratze pistan

Al Mayadeen katea libanoarraren gaztelaniazko Twitter kontuaren arabera, Bruselako aireportuko aireratze pistan beste lehergailu bat aurkitu dute.

 

Leherketa berri bat, oraingoan Maalbeek metro geltokian

Leherketa berri bat izan da Bruselan, Maalbeek metro geltokian, Bruselako erakundeen erdigunean. Hildakoak eta zaurituak leudeke. Metroa hutsarazi dute.

 

Lehergailu gehiago aireportuan

Belgikako RTBF irratiko Laurent Henrard kazetariak suhiltzaileei entzun dienaren arabera, beste lehergailu batzuk ere aurkitu dituzte aireportuan.

Hondamendi plana ezarri dute

Hondamendi plana ezarri dute Bruselan; aireratze eta lurreratze pistetara eraman dituzte bidaiariak. Lekuko anonimo batek RTL irratiari azaldu dionez, "edonon" daude zaurituak.

 

Gutxienez 11 hildako eta hainbat zauritu

Gutxienez 11 lagun hil dira atentatuen ondorioz. Zabaldutako lehen informazioen arabera, hainbat zauritu ere eragin dituzte Zaventem aireportuan jarritako bonbek. Oraingoz hildako bat baieztatu du Poliziak.

American Airlines konpainiaren fakturatzeko gunetik gertu

Russia Todayk argitaratu duenez, eztandetako bat American Airlines konpainiaren fakturatzeko gunetik gertu izan da leherketetako bat.

BIDEOA: Jendea aireportutik korrika ateratzen leherketen ostean

 

Eztandetako bat gutxienez irteeren gunean

Eztandetako bat gutxienez hegaldiak ateratzen diren aireportuko gunean gertatu dela diote lehen informazioek. Honela geratu da gune hori leherketen ostean.

 

Zaurituak daudela zabaldu da. Aireportua nola hustu duten erakusten duten irudiak.

 

Goizeko 8ak baino lehen izan dira leherketak

Lehen informazioen arabera, astearte goizeko 8ak baino lehen izan dira bi leherketak Bruselako aireportuan. Lekukoek bi eztanda entzun dituzte. Argazki hau hartu dute bertatik eta sare sozialetan zabaltzen ari da.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Belgika
2024-01-05 | ARGIA
Israelgo lau soldaduri gerra krimenak leporatu dizkiete Belgika eta Herbehereetako epaitegietan

Nazioarteko erakundeen geldotasuna eta ezintasuna ikusita, sortu berri den Martxoaren 30eko Mugimenduak Jonathan Ben Hamour soldadu israeldar-belgikarraren aurkako salaketa jarri zuen lehen urrats batean, eta orain beste lau soldaduren eta kolono baten aurka ere jo du.


2022-05-18 | ARGIA
Valtónycen aurkako euroagindua behin betiko indargabetu dute Belgikako epaitegiek

Ganteko Apelazio Epaitegiak Mallorcako rap abeslariaren estradizioa ukatu du, eta Espainiako Estatuak ez du helegiterik aurkeztu. 2018an egin zuen ihes Valtónycek, bere abestien letrengatik ezarritako hiru urte eta erdiko espetxe zigor batetik ihesi.


Bueltan da Stromae

Stromae musikari belgikarrak sona handia lortu zuen duela hamar urte inguru bere lehen bi diskoekin, baina kontzerturik eman gabekoa zen 2015etik. Zazpi urteko isilaldiaren ondoren itzuli da: haren ibilbidearen errepaso apetatsu bat aurkituko duzu artikulu honetan.


Eguneraketa berriak daude